Egunotan bizi dugun ezohiko egoera dela eta, Lamiakoko San Maximo jaiak bertan behera uztea erabaki dute auzo horretako jai batzordeak eta Leioako Udalak. Festak maiatzaren 29tik 31ra bitartean egitea aurreikusita zegoen, baina osasun-jarraibideek ez dituztenez jende askoko jarduerak baimentzen, ospakizunek ezin izango dute aurrera jo.
"Udalarekin batera, erabaki dugu osasun publikoari lehentasuna ematea, herritarrak babesteko beharrezkoak diren neurriak hartzearekin batera", azaldu dute jai batzordekoek ohar bidez. "Esperokoa zen, baina pena handiz hartu dugu erabakia. Hala ere, Lamiakoko jai batzordetik lanean segitzeko konpromisoa hartu dugu, egoera hobetzen denean lamiakotarrek merezi duten jaiak eskaini ahal izateko". Hala ere, horrek ez du baieztatzen jaiok urteon egin ahal izatea: "Ez dago gure esku eta Udaletik datozkigun neurriak jarraituko ditugu".