Izena emateko epea ekainaren 22an hasi eta 25ean amaituko da. Ahal dela, posta elektronikoz egingo da (udaleioan@leioa.net), Udalak bere webgunean ipini duen inprimakia betez, baina aurrez aurre ere egin ahal izango da Sakonetako kiroldegian, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Programa hamabostaldi bitan banatuko da, uztailaren 1etik 15era eta 16tik 30era, ume gehiagok gozatu ahal izateko. Goizez egingo dira jarduerak, 09:00etatik 14: 00etara bitartean.
Instalazio bakoitzean adin-tarte bi egongo dira: 3 eta 6 urte bitartekoa eta 7 eta 13 urte artekoa. Jarduerak Leioako ikastetxe publikoetan egingo dira (Altzaga Ikastola, Lamiako, Artatza, Mendibile eta Txomin Aresti). Ikastetxe bakoitzak 3 eta 6 urte bitarteko hogei ume hartuko ditu (bost umeko taldea gela bakoitzean), eta 7 eta 13 urte bitarteko 40 (hamar umeko taldeak).
Zozketa ekainaren 26an egingo da, eta ondoren jakinarazpen bat bidaliko zaie plaza lortu duten familiei, posta elektronikoz .
7 eta 13 urte bitarteko umeek 44,56 euroko tasa ordaindu behako dute hamabostaldiko, eta 3 eta 6 urte bitartekoek 72koa.
Ikastetxera joan aurretik familiek tenperatura hartu beharko diete umeei. Sukarra, edo COVID-19agaz bateragarria den beste sintomaren bat izanez gero, ezin izango dira bertaratu eta koordinatzaileari jakinarazi beharko diote. Parte-hartzaileek maskara bana eroan beharko dute, 6 urtetik beherakoek izan ezik.