"Egunero, batez beste, 132.000 auto igarotzen dira Avanzadatik", dio Javier Royok, "45 milioi inguru urtean". Espainiako Estatuan trafiko gehien duen hogei errepideetako bat da, "eta lehen hogei horietatik herri bat zeharkatzen duen bakarra". Royoren esanetan, auto-kopuru horrek "egundoko kutsadura" eragin behar du, eta ez bakarrik zaratari dagokionez. Honenbestez, Aldundiak iragarritako egitasmoa ez zaie nahikoa iruditzen, "kutsadura herriko leku batetik bestera eroan besterik ez da lortuko eta". Leioa Martxanen eskaria beteko balitz, alde bakoitzetik 500 metro inguru gehiago estali beharko lirateke.
Aldundiak aurkeztutako proiektuaren lanak 2023an hastekoak dira, eta esleipena bi milioi euroan eman dute. Herritarrek sortutako elkarteak, berriz, beste data bat du gogoan: "Arazo hau 2025erako konponduta egotea gura dugu". Alderdiakaz berbetan dabiltza, babes bila, eta erakundeen ateak ere jo dituzte hilabeteotan. "Aldundian esan ziguten guk eskatzen duguna teknikoki bideragarria dela, eta orain borondate politikoa besterik ez da behar, eta borondate politikoa diogunean diruaz ari gara argi eta garbi, hau da, aurrekontuen osaketaz. Eta azkenean irtenbide hori egingarria ez balitz, beste alternatiba bat bilatu beharko dute". Royoren esanetan, errepide Leioaren erdigunetik ateratzea izan liteke horietako bat. "Baina ez dugu erdibideko konponbiderik onartuko, ez dugu errepide hau gehiago jasango".
Bitartean, lehenbailehen ezartzeko hainbat neurri eskatu ditu Leioa Martxanek, esaterako kutsadura-neurgailuak ipintzea inguruan, eta gehienezko abiadura orduko 60 kilometrora jaistea (80koa da gaur egun).