Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eskutitz bidez jakinarazi zien erabiltzaileei joan den astelehenetik (urriak 26), eta urtea amaitu arte, gutxitu egingo zela "zerbitzuaren intentsitatea". Sail horretako arduradunak, Juan Carlos Martinez zinegotziak, asmoa agertu zuen "zerbitzuak ahalik eta gehien doitzeko, ahalik eta kalterik txikiena eragiteko". Hala, aurreikusita zegoen autonomia duten pertsonek zerbitzua jasotzeari uztea guztiz, eta I, II eta III graduetako mendekotasuna dutenen kasuan ordutegia laburtzea, bakoitzaren beharren araberako proportzioan. Erabakiak protestak eragin zituen, eta, azkenik, murrizketak bertan behera geratu dira.
Zerbitzuko langileek asmoa agertu zuten joan den urriaren 29ko osoko bilkurara joateko, egoerak eragindako kezka zuzenean azaltzeko. Iban Rodriguez alkateak ez zien horretarako baimenik eman, COVID-19a dela eta bete beharreko osasun-neurriak direla eta; horrenbestez, beharginek udaletxearen kanpoko aldean egin zuten protesta.