Hain zuzen ere, San Bartolome eta Artatzagane auzo-elkarteak eta Auzotarrok Kultur Elkarteak daude SOS Kurkudin. Hirurek aurkeztu dituzte alegazioak Kurkudi mendiko eremuak Leioako HAPOan duen kalifikazioa aldatzearen aurka, eta helburu horrexegaz beragaz SOS Kurkudi plataforma eratu zuten duela urtebete inguru.
Orain, berriz, kexatu egin dira Leioako Plangintzako Aholku Batzordetik kanpo geratu izanaz. Kritikatu dutenez, haren osaketaren berri ematen deun Alkatetzako Dekretuan ez da adierazten zer elkartek eskatu zuten organo horren barruan egotea, ezta hautaketa egiteko erabili diren irizpideak zeintzuk izan diren ere. "Beste behin, herritarren parte-hartze kontzeptua desitxuratzen saiatzen ari direla pentsatu beharra dugu, erabakiak hartzen diren guneetatik kritikoak kentzen baitituzte", esan dute hiru elkarteek.
Iragarri dutenez, aholku-batzorde horretan egotea eskatu dutenen zerrenda eta osaketa finkatzeko erabilitako irizpideen azalpena eskatuko dizkiote Udalari. Azpimarratu dute batzordeko kideak aukeratzeko araudiaren arabera, eskariak gehiago direnean lekuak baino, ordezkaritza eta ibilbidea kontua hartuko direla. Ildo horretan, Auzotarrok elkartean 600 familia, San Bartolomeko auzokideenean 200 bazkide eta Artatzaganekoan 100 daudela gogorarazi dute, baita hirurek ibilbide luzea egina dutela ere: San Bartolomeko elkartea 1976an sortu zen, Artatzaganekoa 1984an eta Auzotarrok 2002an.