Aurrera doa Leioako domingotarren komentu zaharrean kiroldegia egiteko proiektua, udal-gobernuko taldeen babesagaz

Unai Brea 2020ko aza. 18a, 17:41

© SOS KURKUDI

Astelehenean egindako batzarrean, Leioako Plangintza Aholku Batzordeak HAPOan aldaketa egitea onartu zuen behin-behinean, Kurkudi mendian dagoen moja domingotarren komentu abandonatuan kiroldegi pribatu bat eraiki ahal izateko etorkizunean. EAJk eta PSEk alde bozkatu zuten, EH Bilduk, Elkarrekin Leioa-Podemosek eta San Bartolomeko auzokideen elkarteak aurka, eta PP eta beste lau elkarte (Leioa Martxan, Haszten, Comercios Unidos eta Castores) abstenitu egin ziren.

Udaletxearen barruan eztabaida eta bozketa egiten ziren bitartean, kanpoko aldean 150 pertsona inguru batu ziren, SOS Kurkudi plataformak deituta, udal-gobernuak proiektu honen kudeaketan "agertutako faltsukeria eta utzikeria" kritikatzeko. Adierazi zutenez, Leioako Udalak hamaika hilabete geroago erantzun die plataformak iazko azken egunean aurkeztutako alegazioei, eta horretarako Arartekora jo behar izan dute: "Atzerapenagatik kexatu ginen, eta handik hogei egunera erantzun diete jasotako 39 alegazioei". Horietatik 21, SOS Kurkudik plataformak aurkeztutakoak. Denak, bat izan ezik (bideragarritasun ekonomikoaren gaineko txostenik ez dagoela dioena), atzera bota ditu Udalak, gainerako hamazortzietako gehienak bezala.

Batzordearen eztabaidan, San Bartolomeko Auzokide Elkarteko ordezkariak (SOS Kurkudiren barruan dago elkartea) argudiatu zuen kiroldegi-proiektua gauzatzeko indarrean dagoen plangintzaren aldaketa handia egin behar duela (lurzoru babestua zenari "eraikigarri" kalifikazioa eman behar baitzaio), eta horrek eskatzen duela ondo azaltzea kokapen hori eta ez udalaren barruko beste bat aukeratzeko arrazoiak.

Auzokide-elkarteko kideak gehitu zuen Lurzoruaren Legearen arabera Leioako HAPOa berrikusi egin beharko litzatekeela, bai udalerriak 30.000 biztanle baino gehiago izateagatik bai oraingo Plan Orokorra iraungita egoteagatik (2001ean onartu zen), eta hori egin arte ezin dela proposatu plangintzaren funtsezko aldaketarik.  

EH Bilduk, bere aldetik, adierazi zuen ez dagoela funtsezko arrazoirik proiektua aurrera egiteko, eta azpimarratu zuen mugikortasun-arazoak eragingo lituzkeela, tokiko merkataritzari eragingo liokeela, eta, "bigarren mailan", Artean erosketak egitea sustatuko lukeela batetik, eta ingurumenaren eta paisaiaren aldetik hainbat kalte egingo lituzkeela bestetik.

Egitasmoa babesten dutenen aldetik, Iban Rodriguez alkateak baino ez zuen egin haren aldeko berbaldi laburra. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun