Udal-arkitektoaren aurka egindako pintadak gaitzetsi ditu Leioako EH Bilduk

Unai Brea 2020ko aza. 20a, 12:42

Leioako alkate Iban Rodriguezek prentsaurrekoa eman zuen atzo Udal Bulego teknikoan agertu zen udal-arkitektoaren aurkako pintada gaitzesteko. Amaieran, Rodriguezek esan zuen adierazpenagaz bat egiten zutela Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Elkarrekin Leioa Podemos eta Partido Popular de Leioa taldeek. Hau da, udalbatzan dauden denek, EH Bilduk izan ezik. Koalizio abertzaleak, haatik, adierazi du Anton Uncilla arkitektoari egindako erasoaren aurka dagoela, eta alkateak irakurritako testua kritikatu du.

Izan ere, testu horrek (osorik irakur dezakezue HIRUKAk emandako albistean) "akordioa bilatzen ez zuela" eta "bestelako helburu politikoak zituela" salatu du EH Bilduk. Zehazki, EAJk prestatutako adierazpenean Kurkudi mendiko urbanizazio-proiektuaren aurka daudenak, zuzenean hala esan barik ere, errudun izendatzeko ahalegina zegoela uste dute.

"Elkartasuna adierazi nahi diogu langile publikoari", gaineratu du EH Bilduk, "eta egindako pintada arbuiatu. Era berean, langile publikoak defendatzen ditugu beren eginkizunak betetzean, zalantzarik gabe, udalerriaren eta bertako biztanleen interes publiko orokorra defendatu nahi baitute".

Pintada dela eta honako testua aurkeztu zion EH Bilduk Leioako bozeramaileen batzarrari, hitzez hitz:

"Udal Bulego Teknikoaren fatxadan Leioako Udaleko arkitektoaren aurka egindako pintadaren aurrean, Bozeramaileen Batzordeak erabat errefusatu du ekintza hori, eta honako hau adierazi nahi du:

  • Udalbatzak uko egiten die udal-langileen aurkako ekintza antidemokratikoei, edozein direla ere, eta errespetua eskatzen du toki-administrazioaren zerbitzura dauden pertsona guztientzat.
  • Udalerriko langile eta elkarte guztien eta haien ordezkarien ohorea eta lana defendatzen eta errespetatzen ditu, haien inpartzialtasuna, gaitasuna edo interes publikoaren defentsa zalantzan jarri gabe. Udaleko funtzionarioak eta lan-kontratuko langileak lan horretan jarraitzera animatzen ditugu, bai eta tokiko elkarteak ere, beren lana, lan ona eta, hala baderitzote, kritikak egin ditzaten, eztabaida eta hartu beharreko erabakiak aberastuko dituen elkarrekiko errespetutik.
  • Konpromisoa hartzen dugu udal-langile guztiek beren eginkizunak betetzerakoan osotasun eta duintasunerako duten eskubidea defendatzeko; izan ere, zalantzarik ez dugu, udalerriaren eta bertako biztanleen interes publiko orokorra defendatu nahi dute, jakina, bere eginkizunek berezkoa duten gaitasun eta inpartzialtasunetik abiatuta.
  • Udal-arkitektoaren aurka egindako pintada argi eta garbi baztertu besterik ezin dugu egin, eta toki-administrazioaren zerbitzura dagoen edozein pertsonak egiten dituen txostenen inguruan ados ez daudenak animatzen ditugu horretarako dauden legezko bide demokratikoak erabiltzera.
  • Pintada honen egileari edo egileei eskatzen diegu bertan behera utz ditzatela beren egintzak eta toki-erakundeak hartzen dituen erabakien aurka egiteko eta kritikak egiteko mekanismo demokratikoak errespeta ditzatela, eztabaida soziala eta politikoa aberasten duten ekintzak planteatuz eta ezer ekartzen ez duten eta tokiko eztabaida lokazten duten jarduerak baztertuz.

Bozeramaileen Batzordeak bere egiten ditu puntu horiek, publikoki errefusatzen ditu eta babesa eman nahi die Udaleko langileei eta, une honetan, Anton Uncilla udal-arkitektoari".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun