Kurkudi mendiari babesa kentzeko urratsak egiten segitzea leporatu die EH Bilduk gobernu-taldeko alderdiei

Unai Brea 2020ko aza. 22a, 14:57
Argazkia: HODEI TORRES

Leioako EH Bilduk balorazioa plazaratu du joan den astelehenean Leioako Plangintza Aholku Batzordeak egindako saioaz. Koalizioaren iritziz, "EAJk eta PSEk defendatzen duten birsailkatzeak behar duen interes publikoa justifikatu gabe jarraitzen du". Bestalde, Kontseiluaren beraren osaketa irizpide gardenagoakaz erabaki behar dela adierazi dute.

EH Bilduk uste du Plangintza Aholku Batzordeak ez zukeela bozkatu behar HAPOa aldatzearen alde, "kiroldegi pribatuaren proiektuari hasierako onarpena eman zitzaionean Leioako HAPOa iraungita zegoelako". "Zalantzan jarri genuen kiroldegiaren kokapena, eta hirigunean egitea defendatu genuen; horrela, etorkizuneko erabiltzaileek tokiko merkataritzan kontsumitzea sustatu genuen, Artean kontsumitu beharrean". Bestalde, esan zuten Kurkudi mendiko komentu zaharrean kiroldegia egiteak trafikoa handitzea eta balio handiko nekazaritzako lurrak handitzea ekarriko duela eta.

Plazaratutako idazkian, EH Bilduk PSEri galdetu dio "benetan konprometituta dagoen hauteskunde-programan aldarrikatzen zituen hirigintza jasangarriaren balioekin". Hala, Kurkudiko urbanizatze-proiektuarekiko hasieran izandako zalantzak "agintaldi honetako gobernu-akordioa sinatu ondoren desagertu zirela" dio EH Bilduk.

Azkenik, kritikatu egin dute batzordean dauden zenbait talderi berandu bidali zitzaiela dokumentazioa, joan den asteleheneko bilerari begira. Izan ere, azaldu dute bozketan abstenitu ziren lau elkarteek lau egun lehenago jaso zutela dokumentazio hori, eta behar bezala aztertzeko denbora faltagatik erabaki zutela abstenitzea.   

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun