2020ko aurrekontuetarako 40,5 milioi euro onartu zituen Leioako Udalak, baina, COVID-19ak eragindako pandemia egoeraren ondorioz, 2021eko aurrekontuak % 4,5 txikiagoak izango dira: 37.248.988,53 euro. Izan ere, diru-partida aurrera atera da Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoei esker, eta Elkarrekin Leioa Podemos alderdiaren abstentziaoagaz. EH Bilduk eta Alderdi Popularrak, euren aldetik, aurrekontuen aurka bozkatu dute.
Alkateak zehaztu duenez, 2021eko aurrekontuotan lehentasuna eman zaio kiroldegi berria egiteari eta udaletxea handitzeari. Horrez gainera, 2021eko Aurrekontu Irekien prozesuan herritarrek aukeratutako proiektuak ere lehen-lerroan jarriko dituzte. Bestalde, Soinu Atadia eta Euskararen Erakundea elkarte autonomoek 2.363.727,14 eta 984.608,97 euro izango dituzte, hurrenez hurren.
Udal arduradunek adierazi dutenez, 2021erako aurrekontu "zuhur eta errealitatera egokitutakoen" aldeko apustua egin dute arlo garrantzitsuenetan gastua indartuta: ekonomian eta enplegua sustaketan; gizarte-zerbitzuetan eta osasunean; kulturan eta diru-laguntzen kapituluan, hain zuzen ere.
Eztabaida
EH Bilduko ordezkari Asier Izquierdo Aguilerak aurrekontu "sozialagoak eta bidezkoagoak" egiteko proposamena egin zuen, baina gobernu-taldearen "borondate eskasa" deitoratu du. Hala ere, adostasunetara heltzeko "ateak zabalik" izaten jarraituko dutela jakinarazi du.
Juan Carlos Martinez Llamazares sozialistak, bestalde, udal talde denen "prestasuna eta lana" eskertu ditu. Era berean, aurrekontu horiek "sozialak" eta "pertsonen eta zerbitzuen kalitatearen alde" egiten dutela gaineratu du.
Elkarrekin Leioa Podemos taldeko Luis Miguel Lapaña Morenok ere eskerrak eman dizkio gobernu-taldeari izan duten "prestutasunagatik", baita gainerako taldeei ere, egondako giro politikoagatik. Udaleko teknikarien lana ere goraipatu du, akordioetan parte-hartzea erraztu dutelakoan. Horrez gainera, bere taldeak hartutako erabakiagaz "harro" dagoela gaineratu du.
Azkenik, Jose Luis Eguiluz Borde popularrak zehaztu duenez, bere proiektua ez dator bat gobernu-taldeak aurkeztutakoagaz eta, beraz, kontra bozkatu du. Hala ere, alkateari eskerrak eman dizkio bere prestutasunagatik.