Avanzada errepidea berrantolatzeko lanen bigarren fasea otsailaren 11n hasiko dute

Ander Zarraga 2021ko ots. 5a, 15:08

Imanol Pradales foru diputatua eta Iban Rodriguez Leioako alkatea, bigarren fasearen aurkezpean. © ANDER ZARRAGA

Bilboko noranzkoan Avanzada errepidea berrantolatzeko lanak hasiko dituzte otsailaren 11n, alboko bidearen eta errepide nagusiaren arteko loturak aldatuz. Lan horiek bederatzi hilabete iraungo dutela aurreikusi dute arduradunek.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Leioako Udalak Avanzada errepidea (BI-637) berrantolatzeko lanen bigarren faseari ekingo diote otsailaren 11n, eguenean. Lan horiekaz zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna hobetu gura dute. Bigarren fase horretan, Leioako tunelaren irteeratik unibertsitatea eta Astrabuduko irteera arte enbor nagusiaren eta alboko bideen arteko sarrera eta irteera konexioak berrantolatuko dituzte.

Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak adierazi duenez, Aldundiak 2.662.000 euroko inbertsioa egingo du jarduera horretarako. Lanon iraupena 9 hilabeteko izango da, eta lanaldi horretan errepidea trafikora zabalik egongo dela adierazi du. Erantsi duenez, lanetako jarduera asko gauez egingo dituzte, etxeratze-aginduaren ondorioz ia trafikorik egongo ez denean.

Bere aldetik, Iban Rodriguez Leioako alkateak Udalaren eta Aldundiaren arteko lankidetza eskertu du, eta adierazi du lan horiek urrats berriak ematea ahalbidetzen diela, "Avanzadak Leioako herritarren osasunean eta bizi-kalitatean duen eragina arintzeko". 

Hilaren 11n hasiko diren lan horietan, gaur egun enbor-errepidearen eta alboko-bideen arteko hiru konexioetatik lehena, tuneletik hurbilen dagoena, kenduko dute. Bigarren konexioa, gaur egun sartzekoa dena, enborretik alboko bideranzko irteera bihurtuko da, eta hirugarren konexioa gaur egun Avanzadara sartzeko bide bihurtuko da. 

Behin gasolindegiaren altueran sarbidea gaituta, obrak Udondoko sarbidera hedatuko dira, eta hori enborretik alboko bidera doan irteera izatera pasatuko da. Udondoko irteera berria eta alboko bidea elkar-konexioa egiteko errei berria jarriko dute, eta tuneletatik dagoen irteera behin betiko itxiko dute.

Alboko bidean asfalto fonoxurgatzaileagaz berrasfaltatzea ere aurreikusi dute, ibilgailuek sortzen duten zarata murrizten duena, hain zuzen ere.

Bigarren Fasea

Avanzadako zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna areagotzeko lanen bigarren fasea da aipatutakoa. Lehen fasean Leioako tuneletik Artatzako biribilgunera hobetu zuten errepidea, Getxorako norabidean. Hirugarren fasean, berriz, unibertsitatearen eta tunelaren arteko tartean egingo dute esku-hartzea, Getxorako noranzkoan.  

Pradalesek adierazi duenez, itsasadarren azpiko tunela eraikitzeko obra egin arte, Avanzadako zirkulazioa ahalik eta seguru eta arinena izatea gura dute, "denbora irabazi nahi dugu tunela eginda egon arte". Horretarako, Arrontegiko zubiaren inguruan, Kukularrako lotunearen berrantolaketa-lanak egiten ari direla ere adierazi du.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun