Joan den barikuan, otsailaren 5ean, Aldundiak eta Leioako Udalak Avanzada berrantolatzeko lanen bigarren fasea aurkeztu zuten. Baina lanok polemika piztu dute herritarren artean, eta gaur horiek gelditzeko eskatuko dute bulebarrean egingo duten mobilizazioan. Herri-ekimen batek deituta, 19:00etan batuko dira bulebarrean, “Herri gisa jarduteko ordua da, Aldundiaren gehiegikerien kontra”, leloaren pean.
Herritarrak haserre daude, Bilborako noranzkoan, tunelen irteeran, dagoen lehendabiziko irteera kenduko dutelako, eta, oro har, Avanzadatik egunero igarotzen diren 130.000 autoek herrian eragiten dituzten eragozpenei konponbidea ematen ez zaielako. Kontua da aipatutako berrantolatze-lanek, beste batzuen artean, Udondo, Lamiako, Kandela Zubieta, Ikea mendia, Iturribide eta Mendibide auzoetako sarbidea ezabatuko dutela. Horren eraginez, bertara joan gura duten gidariek Astrabuduko eta unibertsitateko biribilgunera arte joan beharko dira, edo Leioa osoa zeharkatu beharko dute.
Lan horiek "zentzugabeak" direla salatu dute herritarrek, eta, horregatik, baita Avanzadak leioaztarrei eragiten dieten zarata eta kutsadura arazoengatik ere, horiek gelditzeko eta arazoa benetan konpontzeko eskatu dute.
Legezkotasuna zalantzan
Eztabaida piztu da arlo politikoan ere, EH Bilduk Aldundiari lanak geldiarazteko eskaria egingo diola adierazi baitu. Koalizio abertzaletik adierazi dute lanok HAPOa aldatzea suposatzen dutela; zehaztu dutenez, "hiri-sistemaren eta sistema orokorraren arteko bide-loturak ezabatzen dira, baina ez dute Leioako Udalbatzaren onespenik, ez eta beharrezko erakusketa eta parte-hartze publikorik ere".
Hori dela eta, Leioako EH Bilduk lan horien legezkotasunaren berri emateko eskatu die idazkariari eta udal-arkitektoari, herriko trafikoan izan dezaketen eragina azter dezaten.