Avanzadako berrantolaketa-lanen bigarren faseak herriari mesede baino kalte gehiago egingo diola salatzeko, eta lanak gelditu ditzaten eskatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo 250 herritarrek, Leioako bulebarrean. Halaber, sare sozialen bitartez deitutako bateratzean, BI-637 errepideak herrian eragiten dituen zarata- eta kutsadura-arazoakaz behingoz amaitzeko exijitu zioten Aldundiari.
"Ezabatuko duten irteera ezinbestekoa da leioaztarrentzako, eta erabakia ez da batere bidezkoa, Avanzadako kalteak pairatzen ditugulako eta neurri horregaz orain ezingo dugulako ezta erabili ere", deitoratu zuen Iker Bibankok, herritarren bozeramaileak, Leihoa.info atari digitalean.
Lan horietan ezabatuko duten irteerak Kandela Zubieta, San Juan, Mendibile, Ikea mendia, Iturribide edo Lamiako auzoetara sarbidea moztuko duela salatu zuten. "Hori kentzeak eragin oso larriak izango ditu herriarentzako, auzo horietara joan gura dutenek herri-gunetik pasa beharko direlako; kutsadura- eta zarata-arazoak areagotu egingo dira herrian", arrazoitu zuen Bibankok.
Horretaz gain, herritarrek ohartarazi zuten lan horiek HAPOaren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) aldaketa nabarmena eragiten dutela; gogoratu zuten, horrek aurretik egin beharreko informatze- eta eztabaida-prozesu bat eta Udalaren osoko bilkuraren onespena behar duela.
Lanak gelditu arte, eta Avanzadaren arazoagaz behingoz bukatu arte, mobilizazio gehiago egiten jarraituko dutela aurreratu zuen Bibankok; era berean, sinadura-bilketa bat egingo dutela iragarri zuen, herritarrak erabaki horren aurka daudela adierazteko.