Elkarrizketak

"Gure asmoa ez da goraino heltzea; guk harrobiko talde bat izan nahi dugu"

Ander Zarraga 2021ko ots. 26a, 09:00

Leioako emakumeen waterpolo taldeak aurten Ohorezko Mailan Debutatu du. © WLB

Leioako waterpoloko nesken taldeak Ohorezko Mailara igotzea lortu du aurten, hori mugarri historikoa izan da harrobiko jokalariz osatuta dagoen talde leioaztarrarentzat. 

Maila gorenera heltzea lortzen duen lehenengo talde bizkaitarra da Jon Lopez entrenatzailearena. Hala ere, estreinatzea ez da erraza izan, eta taldeak gogor jardun beharko du maila mantendu gura badute, askoz ere baliabide hobeagoak dituzten aurkarien kontra eginez.

Maila altuko taldeen aurka
"Fitxaketak egiten dituzten talde handiak daude Ohorezko Mailan, eta, instalazioen aldetik ere, gu baino hobeto daude hornituta"

Nolakoa izan da Ohorezko Mailan estreinatzea?

Historikoa izan da, lortzen duen Bizkaiko lehenengo taldea garelako. Azkenean, gu herriko talde bat gara, eta hori Ohorezko Mailan ikustea ez da ohikoa. Horretan, fitxaketak egiten dituzten talde handiak daude, eta instalazioen aldetik ere gu baino hobeto hornituta daude; beraz, hori guztia ikusita, historikoa izan da. Ekipo berezi bat gara Ohorezko Maila horretan. Hala ere, gure arazorik nagusiena entrenatzeko instalazioakaz daukagu, igerilekua txikia delako eta ez garelako horren erabiltzaile bakarrak. 

Nola dago osatuta taldea?

Gehienak leioaztarrak edo ingurukoak dira, eta uste dut guztiak pasatu direla waterpolo eskolatik. Beraz, zeharo harrobiko taldea garela esan daiteke; guk taldea horrelakoa izan behar zuela ere uste genuelako. Gure asmoa ez da inoiz izan goraino heltzea; guk harrobiko talde bat izan nahi genuen. Gure indargune nagusiena da, ia lagun talde baten modukoak garelako eta denek oso ondo elkar ezagutzen dutelako.

Orain arte emaitza kaskarrak izan dituzue igoera gogorra egin zaizue?

Bai, azkenean, Ohorezko Mailan jokatzea oso zaila da, lehiatzeko propio eginda dauden taldeen aurka ari zarelako. Fitxaketak ere egiten dituzte. Gainera, gure igerilekua ere oso txikia da, eta ordutegia daukagu hori erabiltzeko. Horrek guztiak gure jardunerako apur bat mugatu egiten gaituela uste dut.
Waterpoloarekiko zaletasuna dago inguruotan? Uste dut azken urteetan gora egin duela. Leioan, batez ere, uste dut oso paradigmatikoa dela, azkenean herri eta igerileku txikian, waterpolo talde nahiko handia sortu delako. 200 fitxatik gora eduki genituen pandemiaren aurretik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun