HAPOak modifikazioak egin ditu Leioako Domingotarren komentu zaharra degoen eremuan, eta, horren harira, gai zalantzagarriak zerrendatzen dituen txosten bat aurkeztu du Kurkudi mendia babesteko plataformak. Jose Ignacio Cubero Marcos EHUko administrazio-zuzenbideko irakasleak egin du txostena, eta Leioako Udaleko erregistro elektronikoan aurkeztu dute aktibistek.
Besteak beste, Cuberok aipatzen du ez dela ebaluazio estrategikorik egin proiektuaren inplementazioak izan ditzakeen eraldaketak aztertzeko. Gaineratzen du herritarren parte hartzea alde batera utzi dela, eta informazio eskasa eman dela. Bestalde, egindako ingurumen-txostena ere desegokia dela ere aipatzen du, horrek gerora aldaketak izan zituen proiektu bati egiten ziolako erreferentzia. Aurkeztutako alegazioei udal-arduradunek emandako erantzunak ez dutela argudio teknikorik ere zehaztu du, arrazoi orokorretan bakarrik oinarritzen direlakoan.
Hori guztia kontutan hartuta, eta HAPOAren tramitazioan egin diren hutsegiteak zuzentzeko bide bakarra dela iritzita, Cuberoren txostenak prozedura hasieratik berriz abiatzea gomendatzen du. Horren arabera, zainketa berezia egin beharko litzateke honako berme hauetan: kaltetu guztiei galdeketa egin, informazioaren argitalpen publikoa, ingurumen txostenaren onarpena dagokion erakundearen aldetik eta aurkeztutako alegazioak kontutan hartzea.