Zaintzen lanaren arazoa ez da manifestazio batean konponduko, ezta indarkeria matxista, ezta kristalezko sabaia, ezta beste ezer ere. Agian kamiseta gutxiago eta militantzia gehiago izan daiteke erantzuna, militantziari ere buelta pare bat emanda.
Norberak jakingo du, baina gauza bat ziurra da: ez kapitalismoak, ezta patriarkatuak ere, ez dute amore emango; guk ere ez genuke gutxiago egin behar. Gogotik lan eginda irabaziko dugu pultsua, eta helburua izan behar du borrokak, hori argi ez badaukagu bidean galtzeko eta arrazoibide hutsak defendatzeko arriskua dugu.
Aurten ere kalera ateratzeko deia egin nahiko nuke, arretaz eta osasun-arauak betez. Osasun-krisian ekitaldiak egiten jarraitu da, besteak beste, mobilizazioak, tartean eskuinekoak. Gu atzean uzteko ahaleginak egiten ari dira, pandemiaren aitzakian etxean gera gaitezen, baina ezin diegu irabazten utzi; arazo larria izango dugu sinetsarazten badigute beste borrokak legitimoak direla eta gurea ez. Aurten ez da kontzentrazio handirik egongo, baina gure herrietara atera behar gara gure ahotsa entzun dadin.