Nolakoa da Leioako Emakumeak taldea?
Orain, Euskal Ligan jolasten ari gara, eta, orokorrean, talde gaztea dugun arren, jokalariak oso maila alturekin datoz. Berri asko ere etorri dira, bai gure harrobitik, eta baita kanpotik ere, baina oso talde ona sortzea lortu dugu, futbolaren ikuspuntutik eta talde harremanen aldetik ere, eta hobetzen ari gara.
Duela urte batzuk Bigarren Mailara igo zineten. Taldeari bultzada eman zion horrek?
Bai, 2015/2016 denboraldian igotzea lortu genuen, eta, agian, orain ditugun jokalariek ordukoak baino «kalitate» gehiago dute. Baina, urte horietan, oso batuta geunden, kuadrilla handi bat ginen. Azkenean, hori guztia ikustean jendea etortzera animatu zen, edo, behintzat, taldean gelditzera. Adibidez, orain nirekin jolasten duten batzuk txikitatik entrenatu ditut, eta horietako asko orduan etorri ziren.
Ereduen bila
"Txikitan nire ametsa Athleticen jolastea zen, baina, orduko hartan, mutilen taldean jolastea zen aukera bakarra. Orain, aldiz, emakumeen taldea eredugarria da"
Zu hasi zineko garaiakaz konparatuta, nola datoz orain neska futbolari gazteak?
Askoz hobeto; futbolaren inguruan askoz gehiago dakite. Teknikoki eta taktikoki maila altuagoa dute, guk geneukarekin konparatuz; orain, kumeetan daudenek ez dute zer ikusirik. Maila asko hobetu da, eta emakumeen futbola ere askoz gehiago ari da entzuten; Athletic ere erreferentzia moduan egoteak indarra ematen dio. Orain, gainera, entrenatzaileak ere gero eta hobeagoak dira, eta emakumezkoen futbolean sartzen animatzen dira.
Uste duzu emakumeen futbola badoala bere lekua hartzen?
Astiro-astiro badoa garrantzia hartzen, eta hori nabaritzen da orain dela urte batzuekin konparatuz. Ni Leioara etorri nintzenean hau zen neskek osatzen zuten talde bakarra, eta bi urte gutxiago zuten mutilen aurka jolasten genuen. Orain, berriz, hainbat talde daude.
Zer uste duzu falta zaiola emakumeen futbolari?
Adibidez, babesleak lortzea oso zaila da; azken finean, hortik sartzen den dirua garrantzitsua da, baina ia ezinezkoa da lortzea. Prentsan eta horrelakoetan garrantzia gehiago eman behako litzaioke ere, Teleberrian eta horrelakoetan agertzen den emakumezkoen kirolen presentzia oso txikia delako. Demostratuta dago horren alde egiten badugu emakumeen kirolak ere gora egingo duela.