Zineforum Perseo elkarteak idatzia bidali die dituen 400 bazkide baino gehiagori azaltzeko Leioako Udalagaz adostu duten hitzarmenaren nondik norakoak. Horren bitartez, sei hilabeteko etenaldi luzeari amaiera emango diote, eta elkarren arteko harremana normalizatzeko bidea adostu dute.
Besteak beste, hitzarmen berrian adierazten da Udalak zineforumaren jarduera erraztuko duela, eta, zentzu horretan, Leioako Zineforumaren programazioak "lehentasuna izango du pelikulen aukeraketan kointzidentziarik egongo balitz". Halaber, emanaldi guztiak kultur aretoaren iragarpenen tabloian argitaratuko dira, eta Kultur Leioak zineforumean egingo diren emanaldien kartelak eta trailerrak eskuratzeaz arduratuko da, horien promoziorako.
Sarrerei dagokienez, salgai jarriko dituzte zikloa hasi aurreko hilabetearen azken eguaztenean; pertsona bakoitzak gehienez zortzi eskuratu ahalko ditu. Gainera, elbarritutako pertsonen irisgarritasuna bermatzeko bi eserleku gordeko dituzte, eta boluntarioek ere doako jarlekuak izango dituzte.
Aurtengo lehen zikloa
Iragarri dute aurtengo lehen zikloa apirilaren 13an egingo dutela, Jainkoak versus gizakiak izenpean. Bertan, hiru pelikula proiektatuko dituzte: Dios es mujer y se llama Petrunya, Corpus Christi eta MUG. Kutsu erlijiosoa duten pelikulak dira, eta horretarako apaiz-aritzeagaz zerikusia duten zenbait pertsona ere gonbidatu dituztela iragarri dute.