Arteen bidez gizarteratzeko eta pertsonen garapenerako Fidias fundazioak eta IMQ Igurco Estartetxe Leioa –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sareko zentroa– adinekoen zentroak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Horren helburua da sortze- eta arte-jardueren bitartez, gizarte-inklusioko eta belaunaldien arteko jarduerak egiten jarraitzea, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.
Erakunde horien bien arteko lankidetza 2019ko urritik dator, eta, horrez geroztik, eragin nabarmen positiboa izan du xede dituzten Leioako herritarrengan: umeak, nerabeak eta adineko pertsonak, besteak beste.
David Alday Fidias Fundazioko proiektu arduradunak kontatzen duenez, orain arte eguneko zentroagaz batera garatu dituzten proiektuen ardatza artea izan da, eta, besteak beste, adinekoentzako antzerki- eta dantza-tailerrak antolatu dituzte. Horretaz gain, inguruko musikariakaz kontzertuak ere egiten dituztela azaldu du.
Elkarregaz egiten dituzten proiektuei esker, "hasiera batean hain ezberdinak diren pertsona horiek elkarrengana hurbiltzen dira, elkarri laguntzen diote, eta poztasun eta motibazio handia sortzen da beraiengan, konturatzen baitira guztien ekarpenak baliotsuak direla", adierazi du Fundazioko presidente Isabel Pradasek.
Sonia Robles IMQ Igurcoko gizarte-langilek azpimarratu duenez, "Leioako eguneko zentroko erabiltzaileen ustez, lankidetza oso onuragarria eta beharrezkoa da, horri esker, adineko pertsonek gogoz parte har dezaketelako udalerriko ekintzetan. Gainera, esperientzia eta gaitasunak barra-barra dituztenez, aberastasuna eta belaunaldiartekoek onurak dakartzate, gizarteratu eta motibatzeko ahalmena dutelako".