Euskarari, atara kontuk!

Leioako hizkera, lore batetik bestera

Joanes Atxa Olaiz 2021ko eka. 2a, 09:33

Itsasadarretik hasi eta larre zabaletaraino hedatzen den hizkera dugu mintzagai oraingoan. Uste baino sekretu eta bitxikeria gehiago gordetzen ditu Leioako euskarak, eta, oraingoan, argia emango diegu misterio horiei.

Lagun berri bat egin dut aurten, Luis: Leioako Luis Maria Mendieta. Elorte baserrian jaio zen, gaur egun EHUko campusetik gertu dagoen baserri handi batean. Luis jaio zenean, ordea, han ez zen unibertsitaterik, baizik eta aberez eta baratzez inguratutako beste hainbat baserri: Alkatene, Larrabarri, Bidortza… Etxe-izen horiek guztiek garai bateko beharrak gogorarazten dizkiote. Auzoko etxeetara joan ohi zen, bere aititerekin batera, ortuetako lurra goldatzera, lantzera.

Solasaldi bat edo beste izan ditugu azken hilabeteotan, eta, horietako batean, zera esan zidan Luisek: "Egun baten esan iesten aititek: jon ber du labraten eta koiten kenpulek". Begien parean nuen eta, Leioako euskara! Esaldi bakar batean, Luisek Leioako euskararen misterio gehienak agerrarazi zizkidan.

Jadanik badakigunez, gure inguruko hizkerekin partekatzen dituen hainbat ezaugarri orokor ditu Leioako euskarak. Horietako bat da koiu aditza, hartu esan nahi duen berba. Hala ere, Uribe Kosta eta Txorierriko hizkeren artean dago Leioakoa, eta aniztasun hori erraz entzun dezakegu gure esaldian.

"Gaur egun EHUko campusetik gertu dagoen baserri batekoa da Luis Maria Mendieta, eta horrek erakutsi dizkigu zeintzuk diren Leioako euskararen misterioak"

Batetik, Getxotik Lemoizerako kostalde osoan bezala, joan aditza uzkurtu eta jon ahoskatzen da. Hala esan zion Luisen aititek lantzera jon behar zutela, eta ez omen zen lan erraza! Bestetik, /t/ eta /l/ letrak, Uribe Kostan ez bezala ahoskatzen dira Leioan. Kostaldean goxotasuna eman ohi zaie, aitxitxe eta kinpulle bezalako hitzak sortuz, eta, Leioan, aitite eta kenpule entzun ditugu, bi kontsonante horiek inolako aldaketarik gabe erabiliz. Hala ahoskatzen dira Txorierri osoan ere, Larrabetzuraino, besteak beste.

Uste genuena baino misteriotsuago agertu zaigu Leioan egiten den euskara, eta dialektoak aztertzen ibiltzen diren ikerlariek ere, nahikoa lan izaten dute hizkera horiek sailkatzen. Leioak, Erandiok eta Loiuk osatzen duten eremuak kostaldea eta barnealdea lotzen ditu. Era berean, eremu horretako hizkerak, Uribe Kosta eta Txorierri lotzeko zubi-lanak ere egiten ditu; txoko batetik zein bestetik, udaberriko loreen gainean dabilen erlea balitz bezala, behar adina lore-hauts hartzen du.

Denboraren poderioz, baliteke Leioako euskarak gero eta kostaldeko ezaugarri gehiago biltzea, edo barnealdeko ezaugarriak bereganatzea, edo, orain arte bezala, bietatik hartzea. Etorkizunak dakarrenari itxaron beharko diogu, bada, Leioako erleek gustukoen dituzten loreak zeintzuk diren jakin nahi badugu. 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun