Kurkudi mendia babesteko plataformak hitzaldia antolatu du bihar, ekainaren 17an, 19:00etan, "Kurkudi mendiaren babesa: beharrezko eztabaida" izenpean. Kultur Leioako Auditoriumean egingo den hitzaldian, lehenik, lursail babestua birkalifikatzeko prozesuaren egungo egoeraren aurkezpena egingo dute eta, jarraian, publikoaren galdera eta ekarpenakaz mahai-ingurua.
Hitzaldian parte hartuko dute gaiaren inguruko hiru adituk: Ibone Ametzagak, EHUko Landare Biologia eta Ekologiako irakaslea eta Ingurumen Iraunkortasuna eta Garapen Iraunkorreko Helburuak Masterreko koordinatzaileak; Jose Ignacio Cubero EHUko Zuzenbide Administratiboko irakasleak –herritarren parte-hartzeaz eta ingurumen ebaluazioaz hitz egingo du horrek–; eta Fernando Hevia, hirigintzan espezializatutako arkitektoa eta Betsaide Lurralde Antolamendu Iraunkorraren Aldeko Elkarteko presidentea. Azken horrek Kurkudiren babesgabetasunak dakarren hirigintza-aldaketari buruz arituko da.
Horiekaz batera, Zuriñe Agirregomezkorta eta Fredi Paia izango dira berbaldia dinamizatzeaz arduratuko direnak. Gainera, antolatzaileek jakinarazi dute bertaratuko diren herritar guztiek parte hartzeko aukera izango dutela.
Edukiera kontrolatzeko, antolatzaileek aldez aurretik sarrerak eskuratzea gomendatu dute, soskurkudi@gmail.com helbidera idatzita edo 615 792 180 telefono zenbakira deituta (14:00etatik 16:00etara). Bestalde, ekitaldian streaming bidez parte hartzeko aukera ere egongo dela azaldu dute, horretarako, lotura hau ahalbidetu dute.