SOS Kurkudik mahai-ingurua antolatu du Kultur Leioan

Ander Zarraga 2021ko eka. 10a, 10:02
Domekan, adin guztietako 200 auzotar inguruk parte hartu zuten Kurkudi mendia babesteko martxan. © SOS KURKUDI

Kurkudi mendia babesteko plataformak mahai-ingurua antolatu du domingotarren komentu zaharreko lursaila birkalifikatzeko prozesuaren egungo egoera ezagutzera emateko. Bestalde, domekan, dozenaka herritarrek parte hartu zuten mendia babesteko antolatu duten bigarren martxan.

SOS Kurkudi plataformak hitzaldi informatiboa egingo du datorren eguenean, ekainaren 17an, Kultur Leioako Auditoriumean, 19:00etan. Antolatzaileek ezagutzera eman gura dute domingotarren komentu zaharraren lurrak birkalifikatzeko prozesuaren egungo egoera zein den, eta, horretarako, "Leioako Udalaren lehen eskuko informazioa" emango dutela iragarri dute. Jarraian, bertaratuko direnek eztabaidan parte hartu ahal izango dute, beraien ekarpen eta galderakaz.

Plataformak ez du baieztatu nortzuk izango diren mahai-inguruko hizlariak; hala ere, Leihoa.info webguneak jakinarazi duenaren arabera, Kurkudi mendia babestu gura duten taldeen ordezkariez gain, udal-arkitektoari ere parte hartzeko eskaini diote antolatzaileek.

Bestalde, iragarri dute Kultur Leioan egingo den ekitaldia zuzenenean eskainiko dutela streaming bidez, bertaratu ezin direnentzako. Antolatzaileek adierazi dute pandemiaren ondorioz edukiera mugatuko ekitaldia izango dela eta, beraz, bertaratzeko interesa dutenek izena eman beharko dute info@soskurkudi.org helbidera idatzita edo 615 792 180 (14:00etatik 16:00etara) telefonora deituta.  

Kurkudi mendira bigarren martxa

Joan den domekan, ekainaren 6an, SOS Kurkudi plataformak gune horren babesa aldarrikatzeko bigarren martxa egin zuen. Antolatzaileen arabera, San Bartolome, Artatzagane eta Peruriko adin guztietako 200 auzotar inguruk parte hartu zuten.

Ibilaldiaren bukaeran, udalerriko hainbat umek egindako marrazkien artean adierazgarrienak aukeratu eta horien egileen artean sariak banatu zituzten. Txikiek egindako artelanak ikusgai jarri dituzte San Bartolomeko kultur aretoan.

Plataformak antolatu zuen lehendabiziko martxa 2020ko abenduaren 20an egin zen, helburu berdintsuagaz: domingotarren komentu zaharreko lurretan, hau da, Kurkudi mendiko magaletan, enpresa pribatu batek eraiki gura duen kiroldegiaren proiektuaren aurka, eta lur eremua babesteko beharra aldarrikatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun