Leioako radar-mugikorrak 200 gidari baino gehiago harrapatu ditu hiru hilabeteotan

Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 10:13
Leioako Udaltzaingoak martxotik kontrolatzen du kaleetako abiadura, radar-mugikorrari esker. © LEIOAKO UDALA

Hiru hilabete bete dira Leioako Udalak herriko kaleetan ibilgailuen abiadura kontrolatzeko radar-mugikorra ezarri zuenetik, eta, ordutik, 200 salaketa baino gehiago bideratu dituzte, horietako % 20 baino ez dira leioaztarrak izan.

Leioako Udala pozik azaldu da martxoan ezarri zuen radar-mugikorraren emaitzakaz; izan ere, hiru hilabeteotan, orduko 30 kilometroko abiadura muga gainditzen harrapatu dituzten 200 ibilgailu baino gehiagotik, % 20 bakarrik izan dira leioaztarrak. Azaldu dutenez, horrek erakusten du herritarrak udalerriko abiadura-mugagaz konprometituta daudela, eta, gehienek, neurria errespetatzen dutela.

Gaineratu dute datu horrek adierazten duela herrikoak ez diren gidari askok Avanzada erabili beharrean, udalerria zeharkatu eta abiadura-mugak ez dituztela betetzen; izan ere, Udaltzaingoak bideratu dituen salaketen % 80 Leioako kanpoko ibilgailuei zegokion.

"Gure ustez, udalerriko kaleetan trafikoaren abiadura murrizteko helburua lortzen ari gara", adierazi du Iban Rodriguez Etxebarria alkateak, "kontzientziazio-faktorea lehenetsiz eta dirua biltzeko helburutik urrun”, radarrak ez baitu etengabe lan egiten, noizean behin instalatzen dute eta zirkulazioaren arabera txandakatzen doala azaldu du. Alkateak gaineratu du leioaztarrek ez bezala, "pasoko gidarien jarrera dela udalerrian soberan duguna, ibilbidean minutuak kentzeko igarotzen baitira herritik".

Martxotik abiadura kontrolatzen

Martxoan, Leioako Udaltzaingoak radar-mugikorra jarri zuen martxan, udalerriko kaleen segurtasuna areagotzeko helburuagaz. Horrela, hainbat astetan leku ezberdinetan probak egin ondoren, radar-mugikorra honako kale hauetan egoten da: Aldapabarrena, Elexalde auzo eta etorbidea, Iparragirre etorbidea, Unibertsitatearen etorbidea, Gabriel Aresti, Estartetxe, Langileria, Larrarte, Laubide, Lekueder, Luis Bilbao Líbano, Mendibilbarri, San Bartolome eta Zarrageta.

Azaldu dute bide horiek bereziki sentikorrak direla ikastetxeetatik hurbil daudelako, eta Udaltzaingoak horrela ondorioztatu duelako, bai eta bizilagunek eskatu dutelako ere. Hala ere, aipatutakoei kale berriak gehituko dizkietela iragarri dute, Udaltzaingoak gidatzean gizalegearen aurkako portaerak ikusten dituen heinean.

Udal-iturriek azpimarratu dute udalerrian orduko 30 kilometroko gehieneko abiadura izateak onura ugari dakartzala: oinezkoentzako eta txirrindularientzako hiri atseginagoa izaten laguntzen du, harrapatzeak eta istripuak murrizten ditu, eta airearen kutsadura eta emisio akustikoak murrizten ditu.

Gaineratu dute, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak berak (DGTk) maiatzaren 11tik aldatu zuela Estatuan Zirkulazioko Araudi Orokorra, noranzko bakarreko kaleetan, herri barruko bideetako abiadura orduko 30 kilometrora murrizten duena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun