Kartzelan sartuko da duela urte bi 13 urteko adingabe bat bortxatu zuen gizona

Ander Zarraga 2021ko uzt. 2a, 11:08
Epaiketa egiten ari zirela, Bilboko epaitegi aurrean egindako elkarretaratzea. © ECUADOR ETXEA

Gertakizun larri horren aurrean gaitzespena adierazteko, eta jokabide matxistak gaitzesten dituztela oihukatzeko, zenbait talde feministek elkarretaratzea egingo dute eguaztenean, hilaren 7an, 19:00etan, Leioako bulebarrean.

Duela urte bi bere bikotearen alaba nagusia bortxatzeagatik epaitu zuten Leioako gizona kartzelan sartuko da uztailaren 8an. 2018ko martxoaren 28an salatu zen gertaera horretan, akusatuari egotzi zitzaion bere bikotearen alaba biak zaintzen zituen bitartean 13 urteko nagusiena bortxatu zuela.

Akusatuak gertaera onartu zuen, eta biktimaren kontakizunari eta analisi forentseei esker, Bizkaiko Lurralde Auzitegiko bigarren ataleko epaileak epaia eman zuen, eta gizona kartzelara sartuko da, hurrengo astean. Fiskaltzak 11 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen orduan, eta akusazio partikularrak 15.

Gertakizun hori salatzeko, eta "nazka eta indarra" erakusteko, Sutea Leioak, Algortako Bilgune feministak eta Akelarre Santutxuko talde feministak elkarretaratzea deitu dute kartzelatzearen bezperan, uztailaren 7an, Leioako bulebarrean. Deialdia egiteko mezuan zera aldarrikatu dute: "beldurra lekuz aldatuko dugu, edozelako jokabide matxistak gaitzesten dugula oihukatuko dugu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun