Leioako Udalak amaiera eman dio Umore Azokaren XXI. edizioari, eta pandemiak baldintzatutako jaialdia izan arren, ekitaldiaren arrakasta azpimarratu du Iban Rodriguez Leioako alkateak: “Berriro erakutsi dugu Leioa kaleko arteen hiria dela, eta une bakoitzean egoerak eskatzen dituen aldaketei aurre egiteko gai den antolakuntza dugula”.
Adierazi dutenez, 20.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira irailaren 16tik 19ra bitartean egin diren 94 emanaldietara; horrek, “arrakasta izugarria erakusten du, pandemiaren ondorioz hartu behar izan ditugun ezohiko segurtasun- neurriak eta baldintzak kontuan izanda”.
Eguraldi txarra dela eta, sei emanaldi bertan behera geratu behar izan ziren bariku iluntzean, eta, zapatuan, kanpoaldean egin behar zituzten jarduerak kokalekuz aldatu zituzten. Udalerriko kaleetan jarritako karpei esker ikuskizunak azkar eta malgutasunez egokitzeko aukera egon zen, eguraldi txarra egin arren. Horri esker, pandemiak eragindako edukiera mugak modu eraginkorrean kudeatu ahal izan zituztela ere azaldu dute antolatzaileek.
Horretaz gain, Umore Azoka sektoreko profesionalentzako topagunea ere izan da, eta ikuskizunak kontratatzeko ia 200 programatzaile eta arduradun bertaratu direla jakinarazi dute. Azpimarratu dutenez, horrek kaleko artisten jarduera profesionalaren eragile eta dinamizatzaile gisa duen garrantzia adierazten du. Zehaztu dutenez, Portugaleko kaleko arteen arloko zuzendarien eta banatzaileen ordezkaritza bat ere egon da jaialdian.
Guztira, 39 konpainiek parte hartu duten aurtengo edizioan –horietako 22 euskaldunak–, eta 94 emanaldi egin dituzte udalerriko 10 puntutan. "Erronka hori bete dugu, eta ia atsedenik hartu barik, hurrengo edizioan lanean hasiko gara. Espero dezagun behin betiko normaltasunera itzultzea ekarriko duen edizioa izatea", adierazi du alkateak.