Leioako Udalak kulturaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela berretsi du, eta, horregatik, abendura bitartean, hainbat jarduera antolatuko dituzte Kultur Leioa barruan zein kanpoan. Musika, dantza eta antzerkia izango dira egitarauaren protagonista nagusiak, tokiko zein euskal proposamenakaz.
Nabarmentzekoa da antzerkiak programazioan izango duen toki berezia; izan ere, irailaren 24an egon zen Siveria antzezlanagaz, arte eszenikoen bederatzi proposamen eskainiko dituzte. Tartean, umeei zuzendutako "Gabonetan antzokira" zikloa antolatuko dute abenduan, sei emanaldigaz.
Hala ere, ez dira musika eta dantza faltako, eta, besteak beste, Kalakan, Los Abrazaos, Andoni Aresti dantza-eskolako proposamena, Señorita doña Margarita antzezlana eta El Espejo Negro konpainia ezagunaren ikuskizunak egongo dira. Egitarau guztia HIRUKAko agendan egongo da zehaztuta, ikuskizunei buruzko datuakaz, data zehatzakaz eta bestelako informazioagaz.
"Aurten, ahalegin eta ilusio handiz, Umore Azoka maitea berreskuratu dugu, eta berriz ere gozatu dugu arteaz gure kaleetan", adierazi du Iban Rodriguez Leioako alkateak, gaur, irailaren 29an, egin duten aurkezpenean. Gaineratu du edizio arrakastatsua izan dela, bai ikusleen aldetik bai programatzaileen aldetik ere. Horregaz batera, kultura segurua eta beharrezkoa dela berretsi du alkateak, eta, orain arte egin duten bezala, iragarri du osasun-neurrien arabera moldatuko direla abendura bitarteko emanaldiak antolatzeko.
Desioen basoa
Programazio berriagaz batera, Pinosoloko parkean egongo den argi eta soinu ikuskizuna ere aurkeztu dute. Azaroaren 5, 6 eta 7ko arratsaldeetan, bisitariak soinu berriz betetako ingurune batean murgilduko dira, udalerriko ingurune natural hau disfrutatzeko modu berri bat ezagutuz.