Avanzada Lurperatzeko Plataforma

Aldundiak aurkeztutako proiektua errefusatu eta Avanzada lurperatzeko eskatu dute

Ander Zarraga 2021ko urr. 15a, 11:24

Bilkuran 150 pertsona inguru elkartu ziren Avanzadaren inguruan eztabaidatzeko. © AVANZADA LURPERATZEKO PLATAFORMA

Atzo, 150 herritar inguru elkartu ziren Leioan, Unai Rementeriak Avanzadarako aurkeztu duen azken egitasmoaren inguruan eztabaidatzeko. Avanzada Estaltzeko Plataformako kideek jakinarazi dutenez, estaltzeak ez lituzke arazoak konponduko, eta Aldundiari exijitu diote konponbide integral bat; eskaera babesteko manifestazio-deialdia egin dute urriaren 24rako.

Avanzada Estaltzeko Plataformak atzo, urriaren 14an, egin zuen batzar informatiboan 150 pertsona elkartu ziren Avanzadaren inguruan aurkeztutako azken egitasmoaren inguruan eztabaidatzeko. Bertan, ondorioztatu zuten Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak iragarritako egitasmoak ez dituela leioaztarren arazoak konponduko, eta "hautabide bat eta soluzio integral bat" exijitu zioten. Beraien ustez, Leioa erdibitzen duen errepidea estali baino lurperatu egin beharko litzateke. Argudiatu zuten Aldundiaren konponbideak "kanpoan utziko lituzkeela Avanzada jasaten duten milaka herritar, hala nola Txomin Aresti ikastetxea, kontserbatorioa eta euskaltegia ere.

Plataformako kideek azaldu dutenez, lubakia estaltzeagaz ados daude, baina Avanzada egunero erabiltzen duten 130.000 ibilgailuk eragiten duten kutsaduragaz eta zaratagaz amaitzeko modu bakarra hori lurperatzea da; gasolindegietatik Artatzako biribilgunera arte tunel bat egitea, hain zuzen ere. Beraien aldarrikapenei babesa emateko manifestazioa antolatuko dute urriaren 24an, 12:00etan, Leioako Boulevardetik abiatuta.

Horretaz gain, deitoratu dute proiektuaren inguruan konkrezio-falta eta adierazpen nahasgarriak egon direla, eta horrek "herritarren artean nahasmendua eragiten du". Horregatik, dei egin diete bai Aldundiari bai Leioako Udalari ere, horrelako "gai sentibera" baten inguruan argi azal dezaten zein den egitasmoa.

Aldundiaren proiektua

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak irailaren 29an iragarri zuen Leioa erdibitzen duen BI-637 errepidearen lubakia estaltzeko egitasmorako 60 milioi euro bideratuko zituztela. Lanok 2023an hastea aurreikusi zuen, eta azaldu zuen horien asmoa zela errepidea estali eta "pertsonen gozamenerako gune berri bat sortu".

Egitasmoaren babesle azaldu da Iban Rodriguez Leioako alkatea, eta HIRUKAri egindako adierazpenetan azaldu duenez, "zehaztapenak jakin behar dira oraindik, baina nik dakidanagatik proiektua oso onuragarria izango da leioaztarrentzako, eta Avanzadak kaltetzen dituen auzokideen ehuneko oso altuari arazoa ekidingo dio".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun