Nieves Ramos auzoa sortu zenetik bizi da bertan, 60ko hamarkadatik, hain zuzen ere; gogoratzen duenez, "hasieran inguruan ez zegoen ia ezer, bideak asfaltatu gabe zeuden, baina orain baino lasaiago bizi ginen". Gaur egun, Las Vegas bezala ezagutzen den Iparragirre zeharkaleko auzoan dauden 57 etxebizitzetako bizilagunak errepidez, supermerkatuz eta bestelakoez inguratuta daude, eta zarata- eta usain-arazoak pairatzen dituzte. Urteetan bizi-kalitate hobeagoa eskatzeko norbanakoek egindako salaketek erantzunik izan ez dutenez, aurten, auzo-elkartea osatzea erabaki dute. Gainera, beraien kexa eta aldarrikapenak arrazoitzeko, hainbat bideo eta argazki igo dituzte sare sozialetara, eta, azken asteetan, mobilizazioak ere egiten hasi dira.
Aldarrikatzen dute Leioako auzo bat direla, nahiz eta "leioaztar askok ez jakin auzo hori existitu ere egiten denik"; are gehiago, "udalerriko auzorik zaharrenetakoa gara", azpimarratu du Nievesek. Iparragirre zeharkaleko auzo-elkartea sortu zutenean, euren helburua zen auzoa Leioan ezagutzera ematea, baina, batez ere, bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko borrokatzea.
Horren aurrean, Leioako Udalak erantzun duela eta gauzak aldatu direla azaldu du Iban Rodriguez Leioako alkateak: "Beraiekin harremanetan jarri gara, zinegotziarekin elkartu dira, eta zituzten eskaerak betetzen ari gara". Horretaz gain, alkateak positibotzat jo du auzo-elkartea sortu izana: "Elkartea erreferente bat izango da elkartzeko eta auzoko beharrizanak ezagutzeko; azken finean, gure helburua herritarren bizi-kalitatea hobetzea da"; hala ere, ñabartu du bakoitzak jakin behar duela non bizi den, auzoaren kokalekuari erreferentzia eginez.
Hainbat eragozpen
Maite Arandia Las Vegas auzo-elkarteko presidenteak azpimarratu duenez, auzoaren arazorik nabarmenena da Udalaren aldetik sufritzen duten utzikeria. Horregaz batera, aldameneko Eroski supermerkatuaren eta zaborrak batzeko kamioen gordelekua dira eragozpen gehien eragiten dituzten puntuak; baina ez dira bakarrak: "Auzoko zein aldetan bizi zaren eta eguneko zein ordu den arabera, gauza batek edo besteak arduratzen zaitu: gauean, kamioiak, edo auzora kale-zurruta egitera datozen gazteak; asteburuetan, gasolindegiko autoak garbitzeko makinaren zarata; haizearen arabera Burger King-eko usaina...".
Duela aste batzuk, Udalak pibote batzuk jarri zituen Eroskirako sarbidea seguruagoa izateko, eta ibilgailuak kalearen amaieran dagoen biribilgunera arte joan behar izateko, baina Arandiak dioenez, "horrek arazoa are gehiago larriagotu du, jendeak ez dituelako errespetatzen eta trafiko-arazoak sortzen direlako". Gainera, beste supermerkatu batzuetara doazen ibilgailuak ere bertatik pasatzen, eta, gauero, Eroskiko trailerrak igarotzen dira bertatik, horrek eragiten duen zaratagaz. Bere esanetan, udal-araudiak ez du baimentzen kamioiek deskarga egitea 22:00etatik 08:00etara, "baina berdin-berdin egiten dute". Horregaz amaitzeko, Udalari proposatu diote sarbidea beste leku batetik egitea, "bideak badaudelako, baina ez daude behar bezala adierazita, beraz, seinale egokiak jartzea besterik ez litzateke". Hori aldarrikatzeko, atzo, urriaren 21ean, protesta egin eta sarbidea itxi zuten.
Azpimarratzen duten beste arazoa da zaborrak batzen dituzten kamioien gordelekuarena. Salatzen dutenez, gune hori aldi baterako zen eta, daborduko, 25 urte daramatza hor; gainera, etxeetatik oso hurbil dagoela deitoratu du Arandiak. "Goizaldean martxan jartzen diren kamioen zaratak eta horietatik datorren usainak ere kaltetzen ditu bizilagunak". Alkateak dio inon ez duela jartzen hori aldi baterako denik; hala ere, beste kokaleku bat bilatzen ari direla azaldu du.
Orain arte, etxeen ondoan dagoen parkeko utzikeria ere nabarmena izan dela kexatzen dira auzotarrak: lorategiak zaindu gabe daude, ez dituzte zakarrak batzen eta jolastokiak ere egoera txarrean egon direla arranguratu dute. Gaineratu dutenez, asteburuetan hainbat gazte joaten dira bertara kale-zurruta egiten, eta "kristalez eta hondakinez beteta uzten dute, baina Udaltzaingoak ere ez digu jaramonik egiten". Hala ere, aitortu dute egindako erreklamazioen ondorioz, Udalak parkeko zoladura berriztu eta jolas-guneak egokitu dituela.
Protestan jarraituko dute
Arandiak azaldu duenez, aldarrikapenakaz jarraituko dute, eta "asteko egun bat ezarriko dugu elkarretaratzeak egiteko". Egoera salatzeko eta euren eskaerak sozializatzeko bideoak egiten jarraituko dutela ere iragarri du, beste hainbat eskakizun dituztela iragarrita: "Kexaka hasi ginenean jaramon egin ziguten, beraz horrela jarraituko dugu bizi-baldintza duinak izan arte".