Avanzada lurperatzearen aldeko plataformak manifestazio jendetsua egin zuen atzo, domekan, urriaren 24ean, Leioako kaleetatik. Lehioa.info atariarena arabera, 325 herritarrek parte hartu zuten Avanzada guztiz estali dezaten eskatzeko deialdian; gainera, Iker Gonzalez plataformako bozeramaileak jakinarazi zuenez, besteak beste, EH Bildu, Elkarrekin Leioa eta PPko ordezkariak ere egon ziren betan.
Bestalde, Gonzalezek berak zehaztu zuenez, Iban Rodriguez Leioako alkatea eta gobernu-taldea osatzen duten EAJ eta PSE lurperatzearen aldekoak dira, udalerriarentzako mesedegarriena izango litzatekeelako, baina, oraindik, "aurreproiektuaren zehaztapen teknikoak ezagutzeko zain daude".
Atzoko manifestazioa Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak egindako azken iragarpenarenaren ondorioz egin zuten; irailean, Gernikako Batzar Nagusietan adierazi zuenez, Leioa erdibitzen duen lubakoa estaltzeko eta tunelak egokitzeko 60 milioi euro bideratuko dituzte. Iragarpena ontzat jo arren, Gonzalezek deitoratu zuen aurreproiektua ez dagoela onartuta ezta publikatuta ere, eta, gaineratu zuenez, "ez dugu estalketarik ezta adabakirik gura; borroka egingo dugu eta Aldundiari eskatuko diogu leioaztarrok gura duguna: Avanzada osorik lurperatzea hasieratik amaierara. Eta aurreproiektua aldatu behar badute, egin dezatela".
Halaber, Gonzalezek kritikatu zuen Avanzadak Uribe Kosta guztiari zerbitzua ematen diola, baina leioaztarrek jasaten dutela errepidearen zarata eta kutsadura. "Dirudienez Foru Aldundiarentzat leioaztarrok hor gauden baina inori axola ez zaioan horiek gara, eta trafiko gehiago sartu eta arintasun handiagoa eman besterik ez dute gura, herritarrak kontutan hartu gabe", deitoratu zuen leihoa.info atariak batutakoaren arabera.