Leioako Udala 2022ko maiatzaren 19tik 22ra bitartean egingo den Umore Azokaren hurrengo hitzordura prestatzeari ekin dio. Izan ere, XXII. edizioa iragarriko duen kartel-iragarlea aukeratzeko lehiaketa martxan jartzeaz gain, azokan parte hartu gure duten konpainiei izena emateko dei egin diete.
Alde batetik, Leioako Umore Azokaren 2022ko edizioaren sustapen-kartela hautatzeko lehiaketan partikularrek zein enpresek parte hartu dezakete. Lanak abenduaren 9ko 14:00ak arte aurkeztu ahal izango dira, eta lehen saria 1.300 euroko izango da. Leioako webgunearen lotura honetan aurkitu daitezke kartel-lehiaketaren oinarriak eta informazio guztia.
Bestalde, 2021eko abendura arte egongo da zabalik hurrengo Umore Azokan parte hartzeko proposamen artistikoak aurkezteko epea. Daborduko, azoka irekita dago artista, talde profesional eta konpainiek beraien proposamenak eta lanak bidal ditzaten. Kaleko arteetan dauden diziplina guztietako lanak aurkeztu ahal izango dira (antzerkia, musika, zirkua, dantza, clown, performanceak, instalazioak eta abar), umeei, familiei edo helduei zuzenduak.
Deialdian argitu dutenez, 2021ean estreinatutako lanak onartuko dituzte, edo Estatuan estreinatu gabeko muntaiak; eta oso modu positiboan baloratuko dituzte azokan estreinatzeko proposamenak, betiere, batzorde artistikoak estreinaldi horren kalitatea bermatuko duten datuak biltzeko denbora nahikoa badu.
Gaineratu dutenez, hurrengo urteko XXII. ediziorako bidean, Umore Azokak sendotu egin du azoka gisa duen existentzia, kaleko arteen merkatu garrantzitsu gisa, bai Estatuan, bai nazioartean ere. Lau egunez Leioak aukera paregabea eskaintzen du konpainiak, banatzaileak, programatzaileak eta prentsa kaleko arteakaz egoera puruan bizitzeko. Umore Azoka, kontaktuak ezartzeko, ideiak trukatzeko, lanak erakusteko eta antzezpenak kontratatzeko aukera hobeezina dela ere azpimarratu dute; kaleko arteak eguneko 24 orduetan bizitzeko aukera ematen duen foroa. Ekitaldi honetan murgiltzen den eta kaleak hartzen dituen publiko bategaz, eskaintzen zaizkion ikuskizun guzti-guztiez modu aktiboan gozatzeko eta parte hartzeko prest.