Bizkaiko Foru Aldundiak gaur aurkeztu du BI-637 errepidea Leioan estaltzeko hasierako proiektua. Horren bitartez, udalerria banatzen duen Avanzadaren lubakia estali eta aldameneko bizilagunek dituzten kutsadura akustikoko arazoakaz amaituko lukeen proiektua, hain zuzen ere.
Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak, behin-behineko proiektuaren xehetasunak eman ditu: obren bidez oinezkoentzako eta aisialdirako 840 metroko Boulevard bat sortuko litzateke, eta, gainera, tunelak hobetzea eta modernizatzea ere aurreikusten dute, horietan larrialdietarako irteerak jarriz, bestak beste.
Diputatuak azpimarratu duenez, zaila da lurraldeko trafiko-dentsitate handienetako puntu baten trafikoa eten gabe jardutea, baina nabarmendu du proposatutako irtenbidea bideragarria dela ikuspegi teknikotik eta, horrez gain, konponbide integrala dela. "Leioarako konponbide integral baten aurrean gaude: oinezkoek erabiltzeko azalera erabilgarria eta segurua lehengoratzen dugu, berdeguneak eta aisialdirako guneak dituena, auzokide askok jasaten dituzten zarata-arazoak konponduko ditugu, eta, gainera, azpiegitura eguneratuko dugu".
Tuneletako ahoak
Bestalde, lubakietako estalki ibilgarriez gain, tuneletako ahoetan gainetik ibiltzekoak izango ez diren bi estalki jarriko dituzte, bai Getxorako noranzkoko ahoan bai Bilborako noranzkoan ere. Estalki horiek beira fotovoltaikoko panelez hornituko dituzte, energia ahalik eta ondoen aprobetxatzeko asmoagaz, eta horrek eragina izango du tunelean bertan aurreikusitako kontsumo elektrikoa murriztuz.
Gainera, bideen alboetan hiru metroko pantaila akustikoak jarriko dituzte. Plataformaren ardatzean pantailak dituen arkitektura horrek zarata igortzen duen fokua banatu egingo duela adierazi du Pradalesek, horrela, babes akustiko handia mantenduko dute, inpaktu bisuala mugatuz.
Hiru urteko epea
Aladunak jarduketaren zailtasunak azpimarratu ditu, eta esan du luzea eta garestia izango dela. Horrela, hasierako proiektuaren inbertsioa 62,5 milioi eurokoa da eta 36 hilabeteko exekuzioa izatea aurreikusi dute, 2023an hasiera emanez. "Bihar hasiko da jendaurrean jartzeko eta alegazioak aurkezteko epea. Ondoren, egingo diren hobekuntza-proposamenak aztertuko ditugu, eta behin-behineko proiektua egingo dugu, obrak lizitatzeko oinarria izango dena; beraz, Avanzadan 2023ko lehen hiruhilekoan esku hartzen hastea kalkulatzen dugu" azpimarratu du.
"Berriro diot, proiektu bideragarri baten aurrean gaudela. Eta azpimarratu nahi nuke, halaber, hau lantzeko aukera posible guztiak aztertu direla. Ez dugu ahaztu behar obra oso konplexu baten aurrean gaudela. Proiektuaren beraren magnitudea oso garrantzitsua da: 700.000 kilogramotik gorako altzairu ijeztua zerbitzuan dauden bideen gainean egin beharreko egituretan, eta lurpeko 12 ebakuazio-galeria, alboko bideak zeharkatu eta tunela bera kanpoaldearekin komunikatzen dutenak, tunela behar bezala ustiatzeko beharrezkoak diren instalazio guztiak ahaztu gabe. Horren ondorioz fase eta azpifase ugaritan banatutako obra egin behar da, eta lan-uharteak sortu behar dira lurralde osoko trafiko-dentsitate handienetako puntu baten lehendik dagoen urbanizazioak berak asko mugatzen duen ingurunean" zehaztu du.
Proiektuaren gakoak:
Gaur egun Leioa banatzen duen lubakia kenduko da. Avanzada estaltzeak Leioa udalerria batzea lortuko du, BI-637 errepidearen aire zabaleko igarobideak eragiten duen egungo banaketa gaindituz. Oinezkoentzako 4.132 metro karratuko azalera erabilgarria lehengoratuko da Leioako eremu urbanizatuenean, egungo pasealekua bikoiztuz 824 metroko luzeraraino.
Kutsadura akustikoa. Avanzada estaltzeak hobekuntza handia ekarriko die azpiegituratik hurbilen dauden etxebizitzak dituzten bizilagunei, kutsadura akustikoari dagokionez. Kalkuluen arabera gaur egun gaueko ordutegian 55dBtik gorako inpaktua duten 2.900 bizilagunen % 82 muga horretatik behera egongo da. Horixe ezartzen dute kalitate akustikoko irizpideek (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko 213/2012 Dekretuan definitutakoak).
Azpiegitura modernizatzea. Avanzadako tunela 80ko hamarkadakoa da, eta azken urteetan hainbat jarduketa egin diren arren, Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako hasierako proiektuak hainbat hobekuntza aurreikusten ditu argiztapenean, aireztapenean eta segurtasunean.