Leioa eta Berango Emakumezkoen Nazioarteko 'Basque Country Cup' txapelketaren egoitzen artean izango dira azaroaren 25etik 27ra bitartean. Lehiaketan sei selekzio handi lehiatuko dira: Finlandia, Luxenburgo, Kongo, Brasil, Argentina eta Euskadikoa.
"Txapelketa honek hiru helburu nagusiri erantzuten die: kirol hau lurralde barruan sustatzea, euskal selekzioen proiekzioa eta gure mugetan eragin handiko lehiaketa bat egitea", adierazi dute Euskal Selekzioko bozeramaileek.
Leioako Udalak herriko taldeen laguntza izan du kirol ekitaldi hau antolatzeko, hala Sakoneta kiroldegiak Luxenburgo-Brasil partida hartuko du azaroaren 25ean 17:45ean, eta Finlandia-Euskadi 20:00etan.
Zalantzarik gabe, "nazioarteko jokalariak lanean ikusteko" aukera paregabea izango dela azpimarratu dute udal-iturriek. Hilaren 23, 25, 26 eta 27an egingo den ekitaldi honen helburua eskubaloia bultzatzea da, bai eta horrelako ekitaldiak ikusaraztea eta erregulartasun handiagoz egitea ere.
Nazioarteko kirol-ekitaldi hau azaroaren 25agaz, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunagaz, bat datorrela baliatuz, Leioako Udalak morez jantzi gura izan du ekitaldi hau eta emakumeen presentzia babestu gura izan du kirol arloan ere. Hala, eskumuturreko moreak banatuko dituzte "Kirolean ere Leioako emakumeak" leloagaz. Gainera, Kultura eta Kirol Sailak Boulevardeko obeliskoa ere argiztatuko du 18:00etatik 23:00etara.