Laugarren urtez jarraian, Leioako Udalak herritarrei galdetuko die zertan inbertitu 800.000 euroko aurrekontu-partida. Daborduko hasi dute lehen fasea, eta 2023ko udal-aurrekontuan proposamenak sartzeko aukera egongo da otsailaren 27ra arte. Bertan, herritarrek udalerrian egin beharreko inbertsioak edo jarduerak proposatu eta aukeratu ahalko dituzte. Proposamen horiek guztien onurarako izan beharko direla zehaztu du Iban Rodriguez Leioako alkateak; izan ere, prozesu horretarako, interes orokorra kontutan hartuko dutela zehaztu du. Horretaz gain, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak ere izan beharko dira, eta Leioako Udalaren eskumenen esparruan egon beharko dute.
Lehen fase honetan, udalerriko hobekuntza-proposamenak batuko dituzte, ondoren, teknikariek bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa azter dezaten. Hortik, bost eta hamar proiektuko zerrenda aterako dute arduradunek.
Bigarren fasean, aukeratutako proiektuak bozkatuko dituzte, herritarrek hobeto baloratzen dituztenak aukera ditzaten. Aurreko bi urteetan egin duten bezala, Herrigunetik datozen proiektuak ere baloratuko dituzte bigarren fase horretan. Herrigune Leioa ikaskuntza, parte-hartze eta gaikuntzako prozesu kolektiboak bultzatzen dituen proiektua da, herritarren eta erakundearen arteko lankidetza errazteko tresna, hain zuzen ere.
Udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek parte har dezakete prozesuan. Horretarako, Udalaren zuzeneko arreta-zerbitzua, udalerrian jarriko dituzten informazio-karpak, postontziak eta Leioa Zabalik gardentasun ataria erabili ahalko dute.
Horretaz gain, prozesuak umeen ikuspegi berezia ere jaso dezan, aurten, lehen aldiz, 200.000 euroko partida bat eman dio Udalak Leioako Umeen Kontseiluari, umeen aurrekontuen prozesu propioa martxan jar dezan.