Leioaztarren zainketa-lanen errealitatea islatzeko dokumental bat grabatuko du Udalak

Ander Zarraga 2022ko mar. 3a, 11:20

Martxoaren 8rako Boulevardeko estoan jarritako zeramikazko 60 esku dituen horma-irudiaren aurkezpena. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu hilabete honetan, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta. Berritasun gisa, aurten, zeramikaz egindako 60 esku dituen horma-irudi batek apainduko du Boulevardeko estoa, emakumeek beren eskubideen alde egiten duten borroka ikusarazteko.

Hemendik aurrera, zeramikazko 60 esku dituen horma-irudi more batek apainduko du Leioako Boulevardeko estoa. Atzo goizean, martxoaren 2an, ekimen horretan parte hartu duten artisten ordezkaritza batek, Aintzane Ibarlucea irakasleagaz batera, horma-irudi horretako azken baldosa jarri zuten. Beraiekaz egon ziren alkatea eta Berdintasuneko zinegotzia martxoaren 8a dela-eta programatutako gainerako jarduerak zehazteko egin zuten ekitaldian.

Ekimen original hori Kultur Leioako zeramika tailerreko ikasleek sortu zuten; izan ere, irakasleak ekintza Udalari proposatzea erabaki zion, martxoaren 8ko jardueren barruan sartzeko. Eskaerari erantzunez, Iban Rodriguez Leioako alkateak zera azaldu zuen: "Asko gustatzen zaigu udalerriko bizilagunen ekarpenak izatea, eta hori da ekarpen horren adibide. Gure zeramika-tailerretako ikasleak, guztiontzat hain garrantzitsua den egun honetan parte hartzea erabaki dutenak, eta ideia fresko bategaz eta beren artea ematen dutenak".

Hamaika ekintza

Emakumeak izango dira protagonistak datozen egunetarako Leioako Udalak, herritarrakaz eta elkarteakaz batera prestatu duen programazioan: antzerkia, tailerrak, kirola eta erakusketak, besteak beste. Azaldu dutenez, Berdintasun sailak, zeharkakotasunaren ikuspegitik, Udaleko arlo ezberdinen eta elkarteen laguntza izan duen programa osatu dute, zaintzaren eta erantzunkidetasunaren zereginak erdigunean jartzen dituena, mugimendu feministak aspaldidanik egiten duen bezala.

Horren ondorioz, adin guztietako herritarrei zuzendutako programazioa, gazteentzako tailerrak, LAKET ahalduntze-eskolako hainbat ikastaro, kultura eta kirol-jarduerak eta bi erakusketa egingo dituzte.

"Aurten, berritasun gisa, dokumental bat prestatzen ari gara, udalerriko pertsonei elkarrizketak eginez. Haien testigantzakaz, zainketa-lanen errealitatera eta gure eguneroko bizitzan duten garrantzira hurbilduko gaituzte, modu desberdinean emakume eta gizonei dagokienez, eta hori nabarmenago geratu da pandemia garaian", Enara Diez Berdintasun zinegotziak adierazi zuenez.

Bideoaren aurkezpena martxoaren 30ean izango dela iragarri zuen, eta berbaldi bategaz batera, "gogoeta egiteko eta gure zereginetik benetako konpromisoa hartzeko gizarte-eztabaida bat irekitzeko helburuagaz: pertsona, enpresa eta erakunde gisa, benetako kontziliazioa posible izan dadin", gaineratu zuen.

Leioako egitaraua:

  • Otsailak 28, astelehena - Martxoak 11, barikua: Erakusketa: Emakume zuzendarien filmak. Liburutegian, Kultur Leioan.
  • Martxoak 4, barikua: Tailerra:
    • Tailerra: Sortu zure kartela. (12-17 urte) Aterpe Leioa Gaztegunean, 17:00-19:00.
    • Antzerkia: Madre coraje. Auditoriumean, 20:30ean, 12 euro.
  • Martxoak 5, zapatua: Kirolean ere Leioako emakumeak: Leioako kirol klub ezberdinetako
    emakumezkoak, herri kiroletako “Olinpiadetan” parte hartuko dute. Boulevarden, 11:30-13:00.
  • Martxoak 7, astelehena: Bideoaren grabaketa: Kontziliazioari ekingo diogu? Zaintza-lanen erantzunkidetasuna.
  • Martxoak 8, asteartea
    • Herri elkarretaratzea, Boulevardean, 12:00etan.
    • Tailerra: Zer diote abestiek? (12-30 urte) Aterpe Leioa Gaztegunean, 17:00-19:00.
  • Martxoak 17, eguena - apirilak 13, eguaztena: Erakusketa: Bertoko emakumeak. Erakusketa gelan, Kultur Leioan.
  • Martxoak 30, eguaztena: berbaldia eta bideoaren aurkezpena: Kontziliazioari ekingo diogu? Zaintza-lanen erantzunkidetasunaren garrantzia. 4. solairuko prentsa aretoan Kultur Leioan,
    18:30ean. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da aurrez eskatuz: berdintasuna@leioa.eus.

Tailerrak

LAKET, Leioako Emakumeen Jabekuntza eskola. C/Mendibil kalea, 13 – Leioa

  • Gorputzaren ahalduntzea. (16 eta 40 urte bitarteko emakumeei zuzendua) (Gaztelaniaz) Martxoak 4, 17:30-20:30.
  • Ahalduntzen dituzten emozioak eta indargabetu egiten dituztenak. (Gaztelaniaz) Martxoak 7, 17:30-20:3.
  • Autodefentsa feminista. Emakume helduak. (Gaztelaniaz) Martxoak 19, 10:00-19:00.
  • Gure genealogia feministak. Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika bat. (Gaztelaniaz) Apirilak 7, 18:00-20:00.

Beste jarduera batzuk

  • Leiho eta balkoietan zintzilikatzeko bandera moreen banaketa: Martxoaren 3, 4 eta 7an 11:00-13:00 bitartean eta 18:30-20:30 bitartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun