Apirilean

Txakolinak eta komikiak bat egingo dute Txakomic-aren bigarren edizioan

Ander Zarraga 2022ko mar. 18a, 11:36
Bigarren Txakomic ekimenaren aurkezpena. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Mendibile Jauregia eta Txakolingunea Museoa Txakomic ekimenaren agertokia izango dira berriz ere, txakolinaren eta euskal komikiaren tradizioa uztartzen dituen ekimenean. Bigarren edizioa apirileko lehenengo bi aste-akabuetan egingo dute, proiektu honen gainerako egitasmoak osatuko dituen jarduera-programa bategaz. Gainera, Historias con txakoli liburuaren edizioa eta Bizkaiko txakolinaren historia ere kontatuko duen komiki bertsioko beste liburu baten argitalpena ere egingo dituzte.

Proiektu honen bigarren edizioa martxoaren 16an aurkeztu zuten Bilbon, Amaia Antxustegik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak parte hartu zuen ekitaldi batean. Aurkezpenean beragaz egon dira, halaber, Ion Gorka Elgezabal, Jata-Ondoko presidentea; Asier Madarieta, Bizkaikoako kudeatzailea (26 foru museoak kudeatzen dituen sozietate publikoa), eta Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendaria.

Ekimena Txakolingunearen, Mendibile Jauregia Elkartearen, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen eta Jata-Ondo Uribeko Landa Garapenerako Elkartearen arteko lankidetzatik sortu da eta Bakioko Txakolinguneak hartu zuen “Komikia” erakusketa hartzen du oinarritzat. Horrela, proiektua iaz sortu zen Bizkaiko txakolin-tradizioaren eta euskal komikigintzaren artearen arteko lotura-prozesuaren ondorioz, herritarrei uztartze berriak erakusteko asmoz, kasu honetan lurraldeko ardorik bereizgarrienaren eta marrazkiaren artekoa.

Publiko guztiarentzako jarduerak

Txakomic-en bigarren ediziorako antolatutako jarduera-programa apirilaren lehen aste-akabuan hasiko da Leioako Mendibile Jauregian, hilaren 2an eta 3an, eta bigarren aste-akabuan amaituko da, 9an eta 10ean, Bakioko Txakolingunean.

Umeentzako tailerrak, marrazkilari ezberdinen eskutik komikia presente egongo den dastaketa komentatuak, musika eta marrazkiaren arteko fusioa, iruzkindutako dastatzeak garatuko dituzten film laburren proiekzioak edo showcooking ilustratu bat, non sukaldariek errezetak egiten dituzten bitartean osagaiakaz marrazkilari batek istorio harrigarriak sortuko dituen, izango dira ume eta helduek txakolinaren eta euskal komikiaren arteko uztarketa horretaz goza dezaten antolatutako jardueretako batzuk.

Jarduera horietan izena emateko lotura honetako webgunea ahalbidetu dute.

Argitalpen bi

Jarduera horiekaz batera, Txakomic-ek proiektua abian jartzean hasi ziren argitalpenen edizioagaz ere jarraituko dute.

Lehenengoak, Historias con txakoli izenekoak, iazko eta aurtengo maiatza, abuztu, urri eta abenduan argitaratu diren bost komiki eta aurtengo apirilean eta ekainean argitaratuko diren beste bik osatzen dute. Istorio horiek guztiek txakolina dute protagonista eta banaka eta kronologikoki argitaratzen ari dira.

Gidoilari bakarra Mikel Begoña den arren, hainbat ilustratzailek marraztu dituzte, eta horrek askotariko emaitza grafikoa erakutsiko du. Zazpi kapituluen liburukia aurtengo abenduan argitaratuko dute, txakolinaren izaera beste belaunaldi batzuei transmititzen laguntzeko helburuagaz, hain zuzen ere.

Bigarren argitalpena Historia del txakoli liburua da, eta aurtengo abenduan argitaratuko dute baita. Argitalpena, komikiaren bidez, txakolinaren hasietarik gaur egunera arteko bilakaera islatzen saiatuko da, modu dibertigarrian baina zehaztasun historikoakaz. Argitalpena Txakolinaren Museoaren, Txakolingunearen parte izango da.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun