Maiatzaren 8am, domekan, Leioako kaleak adin eta maila guztietako margolariakaz beteko dira urteroko pintura-lehiaketan. Aurten, berritasun gisa, ez da adin mugarik egongo eta 12 urtetik gorako edozein artistak parte hartu ahalko du. Obrak egunean bertan aurkeztu beharko dira Kultur Leioan, 13:00etatik 15:00etara bitartean.
Parte hartuko duten margolarien inspiraziorako udalerriko hainbat gune proposatu dituzte antolatzaileek: Elexalde errota, Estartetxe kalea, Lamiako-Txopoeta, Mendibile jauregia, Ondiz, Pinosolo parkea, Sabino Arana kalea, San Bartolome ermita, udaletxea, eliza edo Udondoko Bulebarra.
Sariak hiru sail nagusitan banatuko dituzte, 1.200 euro, 1.100 euro eta 800 euroko dirusarietan, pintura-paleta barne. Bestalde, ohiko Gaztea saria ere banatuko dute aurten, 18 eta 30 urte bitarteko parte hartzaileen artean; gainera, ez dira faltako bertako artista onenarentzako Leioa saria ezta 18 urtetik beherakoentzako Harrobia saria ere.
Saritutako lanak, aurkeztutako lanen aukeraketa bategaz batera, Kultur Leioako erakusketa aretoan egongo dira ikusgai maiatzaren 26tik ekainaren 5era bitartean.