Lamiak, Galtzagorri, Prudentzia, Aker, Inguma eta Lamiako Maskarada osatzen duten izaki mitologikoek berriz ere alaituko dituzte auzoko kaleak beraien magia, dantza eta abestiakaz. Maiatzaren 27an, bi urteren ostean, adarraren soinuagaz hasiko da jaialdia, beste behin. Orduan, Maiatzak kalejira gidatuko du auzoko kaleetatik, fanfarrea, erraldoiak, buruhandiak eta herritarrakaz dantzatuz. Ondoren, Mari eta Sugaar gainontzeko izaki mitologikoen bila joango dira, gauean ospatuko den akelarrera gonbidatzeko. Iluntzean, Akelarrea egiteko elkartuko dira guztiak, eta Prudentziaren kondaira antzeztuko dute. Bukatzeko, Ieltxuk sua piztu eta horren inguruan guztiek dantzatu eta abestuko dute Lamia Kantua.
"Urte hauetan bertan behera gelditu dena ez da izan Maskarada bakarrik; Euskal Herriko jai guztiak egon dira etenda eta gu inguruan itzuliko garen lehenengoetarikoak izango gara, beraz, izugarria izango da", iragarri dute Arene Albizuk eta Arkaitz Correak. Lamiako Maskarada antolatu eta koordinatzeaz arduratzen dira biak, eta ondo baino hobeto ezagutzen dute 1979an ospatzen hasi zen jaialdia, gaztetatik parte hartu baitute Maskaradan: "Bizitzako urte gehiago daramatzagu Maskarada barruan kanpoan baino". Hasieran, dantzari moduan parte hartzen zuten, baina, orain, antolakuntzaz arduratzen dira, beraiekaz batera boluntarioak diren beste hainbategaz batera: "Gure lana jantziak eta maskarak zaintzea, entseguak antolatzea, egun horretan dena ondo joatea eta Leioako Udalagaz hartu-emana izatea da", azaldu du Albizuk.
Duela 43 urte jaio zen ospakizuna antzerki soil bat baino askoz gehiago dela azpimarratu dute antolatzaileek: "Gure historia eta kultura kontatzen duen festa da, Lamiakoko sustraietara hurbildu eta herri honetako biztanleen izaeraren jatorria ezagutzera ematen duena, hain zuzen".
Diotenez, jarraikortasuna bermatuta dago, belaunaldi berriak ere joan direlako sartzen eta hutsuneak bete direlako: "Sartu direnetako batzuek beraien gurasoek aurretik egindako pertsonaia bera errepikatzen dute; adibidez, aurten, Mari eta Maiatza egingo dutenen gurasoek pertsonaia berak egin zituzten duela hainbat urte. Gurasoengandik seme-alabetara pasatzen doan gauza bat da". Beraz, belaunaldi-txandaketa bermatuta dutela baieztatu dute, 2019an txikiak ziren parte hartzaileak hazi egin direlako eta gaztetxoagoak ere sartu direlako aurten.
Berritasun gisa, ohiko pertsonaia mitologikoei Tartalo ere gehituko zaiela kontatu dute; "horretaz gain, hainbat jantzi ere berrituko ditugu, batzuk oso zahartuta zeudelako".
Horretaz gain, ospakizunaren izaera ere argi mantenduko dutela azpimarratu du Albizuk: "Noizbait proposatu digute Maskarada Leioako sanjoanetara eramatea, baina ez, sortu zutenek ere argi eta garbi adierazi zuten Lamiako Maskarada ez zela hemendik aterako, gu ez baikara antzerki konpainia bat. Ez dauka zentzurik Lamiakotik ateratzea".
Kondaira
Maitasun-istorio batean dauka jatorria Maskaradak eta Lamiako auzoaren izenak, Prudentzia gaztearena, hain zuzen ere. Neska Martin izeneko mutil bategaz ezkondu zen, baina Inaxio bien semea jaio aurretik senarra zuhaitz batetik erori eta hil egin zen. Inaxio hazi zen, eta adina izan zuenean nabigatzera joan zen, ama bakarrik utzita. Prudentzia hain atsekabetuta geratu zen Martin lurperatuta zegoen zuhaitzaren azpian uzkurtuta eseri zela. Denbora bat igarota, zerumugan bela zuri bat ikusi zuen eta semea zela pentsatu zuen, baina ez. Prudentziak izugarrizko nahigabea sentitu eta etxera joan zen, baina ihitzetatik pasatzean bihotza gelditu zitzaion. Prudentzia hil zenean, lamien kantua entzun zen, eta haietako bat bihurtu zela esaten da. Ordutik aurrera, Ondizeko ihitzei Lamiako hondartza deitzen zaie.