Leioako Udalak aldaketak egingo ditu HAPOn Lamiakoko dartsena berreskuratzeko

Ander Zarraga 2022ko eka. 1a, 13:42

HAPOren aldaketagaz industria-gune zaharrak berreskuratu gura ditu Leioako Udalak.

Leioako Udalak Lamiakoko dartsena birgaitzeko Hiri Antolamendu Plan Orokorrean egingo dituen aldaketak jakinarazi ditu. Besteak, beste, metroa lurperatzea, Gobela ibaiaren ibilbidea aldatzea, hezegunea berreskuratzea eta hainbat etxebizitza eraikitzea aurreikusi dute.

Leioako Udalak Lamiako dartsena berreskuratzeko egitasmoa abiatu du; horretarako, lehen pausoa HAPO aldatzea izango da, hirigintza-prozesu baten bitartez eremua hobetuko duten lau ardatz estrategiko proposatu baitituzte. Proiektua oraindik erabat finkatu gabe egon arren, daborduko, Udalak lerro nagusiak zeintzuk izango diren iragarri du.

Egitasmoaren ardatza bizitegi-eremu berria sortzea izango da, Felipe Del Rio eta Langileria kaleen arteko eremuan Udalak zehaztu gabeko etxebizitza kopurua eraiki gura baitu. Gobernu-taldeak azpimarratu duenez, horrek etxebizitza babestuari "bultzada garrantzitsua" emango lioke, izan ere, hiri-lurzorua izanik, % 40 babes ofizialeko etxebizitzak eta tasatuak izan beharko dira.


Lamiako dartsena eraldatzeko egitasmoan aurreikusitako aukeretako bat. © LEIHOA.NET

Horregaz batera, auzoko bizilagunek hainbat aldiz eskatu duten metroaren ibilbidea lurperatzea ere aurreikusi du Udalak. Auzoa zatitzen duen egitura Leioa eta Lamiako geltokien arteko 400 metroko tartean egokitzeko asmoa duela azaldu du. Bestetik, Gobela ibaiaren ubidea ere aldatzeko asmoa iragarri dute udal-iturriek; oraindik ez dute dartsenako lurretatik joango den ibilgu berria zehaztu, baina ibaiaren itsasoratzea aldatuko dela baieztatu dute. Era berean, egitasmo horrek hezegunea ere berreskuratzeko eta berdeguneak sortzeko balioko lukeela ere iragarri dute.

Esku-hartze horregaz, Txopoeta eta Lamiako auzoen egoera berreskuratu gura du Leioako Udalak. Besteak beste, metroko trenbideak eta ibaiak suposatzen duten muga fisikoak ezabatu eta auzoen arteko konexioa hobetuko da; gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak iragarritako itsasadarreko bulebarragaz egongo da lotuta. Horretaz gain, hiri-eremu berriak sortuko dituzte, "udalerriko dentsitatea ezabatzeko eta etxebizitza babestuari bultzada emateko", eta industriak eta utzikeriak hondatutako eremuak berreskuratzeko balioko duena, berdeguneak eta ekosistemak berreskuratzeko, hain zuzen ere.

Proiektuaren aurkezpena

Egitasmoaren aurkezpen publikoa egin zuten aurreko eguaztenean, maiatzaren 25ean, Kultur Leioan. Bertaratutako herritar batzuek ardura azaldu zuten metroaren lurperatzea ez delako modu homogeneoan egingo, trenbidea berriz ere azaleratuko baita Lamiakoko geltokiaren ostean, Areetan lurpera bueltatzeko. Era berean, dartsenan egingo ingurumena berreskuratzeko jarduketaren inguruko zalantzak ere azaldu zituzten bertaratutakoek.

Egitasmoa oraindik gauzatze-prozesuan dagoela adierazi zuten aurkezpena egin zuen udal-arkitektoak, eta, oraindik, hainbat elementu zehaztea falta direla adierazi zuen, hala nola kostaldea kudeatzen duen Espainiako Gobernuko erakundearen txostena eta Ingurumen Sailaren oniritzia. Horretaz gain, Leioazabalik atarian egitasmoari buruzko informazio zehaztua eta herritarren iritziak batzeko tartea dagoela ere azaldu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun