San Juan Jaiak

Leioan dena dago prest udari hasiera emateko

Ander Zarraga 2022ko eka. 14a, 12:18

Hurrengo asteko eguenean, txupinagaz eta kuadrillen jaitsieragaz hasiko dira Leioako sanjoan jaiak.

Aste-akabu honetan hasiko dituzte Leioako jaietako jarduerak Antzinako Egunagaz, eta hurrengo astera arte luzatuko dute egitaraua ederto pasatzeko aukera kontaezinakaz. Gainera, barikuan, Leioako Mendi taldeak V. Eskalada Topaketa egingo du, eta Mendibile jauregian Txakolina & Musika kontzertuak eta dastaketak egingo dituzte. Aurten, Udalak arreta berezia jarriko du herritarren segurtasuna bermatzeko eta, batez ere, sexu-erasoak eragozteko; horretarako, besteak beste, eragile morearen figura sortu dute.

Jaien aurrekaria izango da zapatu honetan, hilaren 18an, ospatuko duten Antzinako Eguna. Elexalden kokatuko den txosna-gunean kuadrillentzako hainbat jarduera egingo dituzte egun horretan, hilaren 23an, jaien hasiera iragarriko duen txupina bota aurretik. Besteak beste, aste-akabu honetan, paella txapelketa, Antzinako Eguneko horma-irudia, herri-jokoak eta Garilak 26 taldearen erromeria egongo dira.

Era berean, Leioako Mendi Taldeak V. Eskalada Topaketa antolatuko du, hilaren 17tik 19ra bitartean; eskalada txapelketak, argi blokeen festa eta bertaratzen diren guztiek eskalada probatzeko aukera egongo dira. Horretaz gain, 18an eta 19an ere, Bizkaiko Txakolina & Musika jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute Mendibile Jauregian; bertan, zuzeneko musika, ardo-dastaketak eta bertako gastronomiaz gozatzeko aukera egongo da.

Ekitaldiz betetako lau egun

Gosegarri horren ondoren, hilaren 23an, txupinazoagaz eta kuadrillen jaitsieragaz ekingo diete Leioako zaindariaren omenezko jaiei. Bi urteko geldialdiaren ostean, Leioako kaleak jai-giroz beteko dira beste behin: bakarrizketak, ume eta helduentzako ikuskizunak, kirola, dantza, herri-bazkariak eta kontzertuak egingo dituzte beste hainbat ekintzaren artean.

Ohitura den bezala, udako solstizioa ospatzeko, txosna-guneko ekintzarik ikusgarrienetako bat ere bueltatuko da aurten: Akelarrea. Bestalde, Udalak San Juan gaueko ikuskizuna ere  antolatuko du Boulevardean, Hortzmuga konpainiaren ikuskizunagaz.

Kontzertuei dagokienez, hilaren 23tik 25era bitartean non aukeratu egongo da: alde batetik, Mojinos Eskozios, Boca Beats, Dos pájaros y un trio tributo a Sabina y Serrat, Urtz eta Beietz egongo dira Aldapabarrena gunean, eta, bestetik, ETS, La Topadora, Liher, Amooma eta Basaki taldeak egongo dira Elexaldeko txosna-gunean.

Aipatzekoa da aurten Udalak eta kuadrillek jaietako zapia elkarregaz sortu dutela. Ez diote datarik jarri, hurrengo urteetan ere hori erabiltzeko aukera emateko.

Segurtasuna

Aurten, Udalak lehentasuna eman gura izan dio jaietara bertaratzen diren segurtasunari, eta, horretarako, dispositibo zabal bat ezarriko du. "Leioara ondo pasatu nahi duten pertsona guztiak etortzea nahi dugu, baina beti gainerakoak errespetatuz eta legea betez", adierazi du Iban Rodriguez Leioako Alkateak. Hori dela eta, Udaltzaingoak Ertzaintzagaz batera, kale-zurruta, adingabeei alkohola saltzea, eraso sexistak edo homofoboak eta ebasketa-delituak saihesteko dispositibo berezia ezarriko dutela adierazi dute.

Ildo berean, eraso sexistak eragozteko sare sendo bat eratu dute Udalak, txosnek eta herriko tabernariek. Zentzu horretan, ordu eta leku finkoetan udalerriko bizilagun zaurgarriak etxera eramateko zerbitzua eskainiko du Udalak eta Iparragirre Bulebarrean eta Sutea Gazte Talde Feministaren txosnan informaziora puntu finkoak jarriko dituzte. Horretaz gain, besoko more bategaz identifikatuta egongo dira aurten sortu duten eragile morearen figura; horien funtzioa izango da mehatxatuta edo deseroso sentitzen direnei laguntza edo informazioa ematea. Hala ere, gertatu daitezkeen eraso-sexisten aurrean, "denok izan beharko ginateke eragile moreak", azpimarratu du alkateak.

Egitaraua:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun