Gaude elkarteko langileek salatu dute 1.000 egun daramatzatela hitzarmen berria sinatu gabe

Ander Zarraga 2022ko ira. 16a, 12:33

Gaur, irailak 16, Gaude elkarteko langileek protesta egin dute enpresak Leioako Amaia etorbidean duen bulegoaren ataria. Deitoratu dute 1.000 egun daramatzatela beharginen baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat sinatzeko zain. Halaber, iragarri dute hilaren 26an mobilizazioa egingo dutela Algortan.

Gaude elkarteko langileen hitzarmena 2019an iraungi zen, eta ordutik ez dute berritu, "erakundeko zuzendaritzaren aldetik konpromisorik ez dagoelako, eta egoeraren erantzule ere diren udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromiso faltagatik", salatu dute gaur enpresaren bulegoetako atarian protesta egin duten beharginek. Uribe Kostako aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzeko elkarteak 2018an sinatu zuen lan-hitzarmena, lehena elkartearen 40 urtetako ibilbidean.

Adierazi dutenez, 1.000 egun hauetan hainbat aldiz bildu dira zuzendaritzako kieakaz, "baina gure proposamenei ezetz esateko asmo argiarekin heldu dio bilera guztiei". Halaber, zehaztu dute hitzarmen berria sinatzeko beraien proposamenak argi dituztela eta Gaude elkarteko langileen bizi- eta lan-baldintzak hobetzea bakarrik dutela helburu: "Ez dugu erosteko ahalmena galtzen jarraitu nahi, urte guzti hauetan % 14 baino gehiago galdu baitugu eta KPIari lotutako soldata-igoera eskatzen dugu; kontratu finko gehiago eskatzen ditugu, egun, behin-behinekotasun tasa oso handia delako eta lege iruzurrean egindako kontratazioekin; elkarteko langile guztientzako prestakuntza; euskalduntze-prozesua; lan-segurtasuna hobetzea; soldata-eskala bikoitzak haustea eta hautaketa-prozesu argi, garden eta objektiboak izatea".

Gaineratu dutenez, arazoa ez da Gaude elkarteko beharginena soilik, egoera berean baitaude Gorabide, FEEKOR, Apnabi, Madres Mercedarias eta sektoreko beste hainbat enpresa. "Erakundeek, udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute konpromiso argirik hartu egoera honi konponbidea emateko eta zerbitzua nahiz sektorea prekarizatzen jarraitzeko hautua egin dute", salatu dute. 

Gero eta indartsuagoak

Jakinarazi dute sektore horretako ordezkari sindikalak gero eta indartsuagoak direla eta inoiz baino elkartuago daudela, eta horrek antolaketan zein ekintzetan laguntzen diela. "Ez dugu ezer bidegaberik eskatzen, gurea dena baizik, sektoreko langileona dena. Horregatik, erakundeetan eta kaleetan sektoreko lan-hitzarmen probintzial baten aldeko presioa egiten jarraituko dugu, eta hori mugarri historikoa da sektorearentzat", aditzera eman dute.

Halaber, beste erakunde batzuetako kideakaz batera, hitzarmenik gabe daramatzaten 1.000 egunak salatzeko 10 eguneko ekintzen egutegia aurkeztu dute, hilaren 26an, Algortan egingo duten mobilizazioagaz bukatuko dena, hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun