Lan-baldintza duinagoak lortzeko borrokan zaudete Gaude elkarteko langileak. Zein da zuen egungo egoera?
40 urteotan ez da hitzarmen kolektiborik izan Gaude elkartean, 2018ra arte. Hori, gainera, negoziazio askoren ondoren sinatu genuen, baina, 2019tik, iraungita dago.
Zer da zehazki aldarrikatzen duzuena, eta zergatik?
Besteak beste, kontratu mugagabe gehiago egotea aldarrikatzen dugu, lan-taldearen % 40 behin-behinekoa delako. Era berean, guztientzako prestakuntza, soldata-taula bikoitzak kentzea, langileak hautatzeko prozesuak irizpide objektibo eta gardenekin ezartzea, euskalduntzea eta erosteko ahalmenaren berreskuratzea eskatzen dugu.
Aukerarik izan al duzue hitzarmena negoziatzeko?
Zuzendaritzak uneoro onartu du gurekin biltzea, legeak hala eskatzen diolako. Baina guztiari ematen dion erantzuna ezezkoa izan da beti, eta, denok dakigunez, erantzun horrek ez du ezer negoziatzeko biderik ematen. Zuzendaritzak ez du entzun ere egin nahi KPIari dagokion soldata-igoerari buruz, adibidez.
Beraz, hitzarmen berri baten negoziazioa geldirik dago, eta ematen diguten azalpen bakarra da Aldundiaren diru eta laguntza falta.
Aurrerapenik egon al da bi aldeen artean?
Negoziazioa gelditu ondoren, urte amaieran jaso genuen eskaintza, eta uko egin genion horri. Eskaintza 2021ean % 2ko ordainsari ez-finkagarria zen, eta 2022an eta 2023an soldataren % 2ko igoera. Gure eros eta bizi ahalmenaren beste galera bat suposatzen zuenez, uko egin diogu horri. Zuzendaritzak bake soziala bilatu nahi zuen besterik gabe, baina, langile gisa ditugun eskubideen aurka zihoan proposamena.
Zer oztopo jartzen ditu elkarteak zuen aldarrikapenei uko egiteko?
Dirua. Irabazi-asmorik gabeko elkarte batentzat egiten dugu lan. Bizkaiko Aldundiarekin hitzarmenak ditu eta eskualdeko udalen diru-laguntzak jasotzen ditu. Zuzendaritzaren arabera, BFArekiko hitzarmenean jasotako diru-partidak handitzen ez badira, ezin dituzte gure lan-baldintzak hobetu.
Hilabete batzuk daramatzazue borrokan. Nolakoa izaten ari da bidea?
Lehenengo presio-neurri gisa, lantoki guztietan pankartak jartzea erabaki genuen, eta langileek pegatinak erabiltzea gure lanaldian. Era berean, ostegunero, lan-ordutegitik kanpo, kontzentrazioak egiten ari gara inguruko hainbat lekutan.
Grebak deitu nahiko genituzke, baina gure sektorean, funtsezkoak garenez, gutxieneko zerbitzuen % 100 izatera behartzen gaituzte, eta, beraz, gure greba-eskubidea zapaldua izaten ari da.
Bide horretan hainbat talderen babesa jaso duzue, hala nola Fekoor eta Apnabirena. Zer nolako lan-harremanak daude zuen sektorean? Zuen egoera besteak baino okerragoa al da?
Sektore honetako erakundeetako ordezkari sindikalak gero eta elkartuago gaude, eta horrek antolaketan eta gure eguneroko borrokan laguntzen gaitu. Egoera antzekoa da erakunde guztietan, beren zuzendaritzekiko negoziazioak geldirik baitaude.
Gurea, langileona, dena aldarrikatzen dugu, ez besterik. Elkarteok bat egin dugu Bizkaiko Hitzarmen Sektorialaren alde borrokatzeko eta lan egiteko.
Zuen aldarrikapenak bermatzeko, zer urrats aurreikusten dituzue epe laburrera?
Badakigu gizartearentzat ezezaguna den sektore batentzat lan egiten dugula. Horregatik, gure egoera jendaurrean ezagutarazteko beharra planteatzen dugu. Horretarako, hainbat mobilizazio zein beste motatako ekintza sindikalak planteatzen ditugu.
Zuzeneko arretan lan egiten dugu, pandemian funtsezkoak izan gara, baina norbera babesteko ekipamendurik ez geneukan. Pandemiaren lehen lerroan, baina hitzarmenean ahaztuta!
Negoziazioaren denbora pasatzen utzi dugu osasun-larrialdia dela eta. Baina nahikoa da! Bi urte baino gehiago dira negoziaziorik gabe. Guk ere errespetua merezi dugu.