Kaleetan oinezkoen presentzia areagotzeko apustua berretsiko dute Leioan

Ander Zarraga 2022ko ira. 16a, 13:46

Oinezkoen Pausura Martxa adieraziko duten karteletako bat. © LEIOAKO UDALA

Oinezkoentzako gune gehiago, kale atseginagoak, biziagoak eta bizitzeko aukera gehiago ematen duten udalerria marrazten jarraitzea da Leioako Udalaren helburua urte osoan, eta orain, Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, iraunkortasunaren aldeko eta udalerriko kaleetan oinezkoen presentzia seguruaren aldeko apustu hori aldarrikatzeko unea da.

Leioa oinezkoentzako udalerri eroso eta seguru bat bihurtze aldera, Iban Rodriguez Etxebarria alkateak gaurtik hilaren 22ra bitartean egingo dituzten jarduerak zehaztu ditu. Besteak beste, Leioak bere Oinezkoen Pausura Martxaren jatorrizko bertsioa berreskuratuko duela iragarri du alkateak, non urtero 500 pertsona inguruk parte hartzen duten, Bizibideak ekimenaren eskola-bide seguruakaz lotuz. Era berean, Nire Autorik Gabeko Eguna egingo dute duela gutxi oinezkoentzat itsasadarreko errepidean, eta Haur Ibiltarien Topaketari ekingo diote berriro.

Alkateak zehaztu zuenez, Leioak 6.000 metro karratu baino gehiago berreskuratu ditu azken urte honetan oinezkoentzat, itsasadarreko errepidea oinezkoentzat jarrita. Ildo horretan, azken urteotan beste urrats batzuk egin dituzte oinezkoen segurtasuna hobetzeko, hala nola Sabino Arana kalea oinezkoentzat jartzea edo udalerrian gehienez 30 kilometro orduko abiadura mugatzea.

Zentzu horretan, Udalak Mugikortasunaren Europako Astea baliatu gura du, alde batetik, komunitate gisa sentsibilizatzeko eta leioaztarren bizi-kalitatea eta elkarrekiko zaintza hobetzen lagunduko duten irtenbide berriei buruz hausnartzeko, eta, bestetik, konpromiso hori modu indibidual eta kolektiboan gauzatzeko. Honako hauek dira, besteak beste, efemeride horregaz bat egiteko Leioan antolatu dituzte ekintzak:

  1. Oinezkoen Pausura Martxa. Ilaren 17an, zapatua, Leioako ohiko martxa herritarra antolatuko dute berriro. 18 urteren ondoren, herri gisa mugikortasunagaz eta harreman komunitarioak hobetzeko nahiagaz duten konpromiso kolektiboa erakusten jarraitzeko, hain zuzen. Aurtengo martxak kalean elkartzea sustatu gura du, harremanetarako eta jolaserako guneak bultzatuz, elkar ezagutzeko, lagunak egiteko eta elkarregaz hazteko. Aurtengo martxaren leloa hauxe da: "proba ezazu gozatzera/Goza Ezazu!"

    Martxa jatorrizko formatuan itzuliko da, eta parte hartzen dutenek gutxienez 3 zebragaz atera beharko dute argazkia Bizibideak ekimenaren ibilbideetan zehar egongo direnak. Amaieran, familia eta kirol festa handi bat izango da Pinosolo parkean, txikien artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko.

  2. Haur Ibiltarien Topaketa. Eskola egunetan, 16tik 22ra bitartean, eskola bideen azterketa egingo dute. Leioako ikasleek Bizibideak ezarritako ibilbideak ezagutu ahal izango dituzte, lagunakaz batera, eta esperientzia modu lagunduagoan gozatu ahal izango dute. Leioako hainbat ikastetxek antolatu dute (Artatza, Barandiaran, Betiko, Irlandesas, Mercedarias, San Bartolome eta Txomin Aresti) eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleentzat pentsatuta dago. Hala ere, aukera ezin hobea da egun horietan guztiek beren seme-alabakaz  eskolara oinez joateko proba dezaten: bideak, beste ume batzuk, beste familia batzuk, topaguneak... ezagutzeko. Gogoratu Bizibideak proiektuaren helburua dela pertsona txikienen autonomia progresiboa sustatzea eskolara oinez joateko, heldurik gabe eta lagunakaz. Helduen erantzukizuna da, eta Mugikortasunaren Astean praktikatu daitekeen konpromisoetako bat, Autonomia hori eskuratzen laguntzea, segurtasunean irabazten laguntzea eta berdinakaz laguntza-harremanak sortzen laguntzea.

  3. Irailaren 22an, gainera, Nire Autorik Gabeko Eguna egingo da da Europa osoan. Aurten, Itsasadarreko errepidean ospatuko dute, duela aste gutxi oinezkoentzat egokitu den gunean, behin betiko, oinezkoen aisialdi eta kirol jardueretara bideratzeko. Bertan, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ume guztiakaz, alkateagaz, udaltzain-buruagaz eta Leioako Osasun Zentroko langileakaz topaketa egingo dute. Umeei eskerrak emango dizkiete beren apustu pertsonalagatik, beren hazkunde-prozesuan laguntzen jarraitzeko eta pertsona guztien neurrira egindako hiria eraikitzeko erakunde gisa Udalak duen konpromisoa adierazteko. Francesco Tonuccik dioen bezala: "Haurrentzat egokia den hiri batek denoi egiten digu mesede".

  4. Autonomia umeen mugikortasunean: eskolabideak proiektuak Euskal Herriko ikastetxeetan duen eragina aztertuz, UPV/EHUk gidatuta, Leioako Udalagaz lankidetzan. Azterlan horretan, EAEko hainbat udalerritan eskola-bide seguruen proiektuakaz izandako esperientziak azalduko dituzte; horien artean, Leioa eta Bizibideak proiektua nabarmendu dituzte, 10 urte baino gehiago baitaramatza herriko ia ikastetxe guztietan sendotzen eta finkatzen. Aurkezpena irailaren 19an, astelehena, izango da, 17:30ean, Kultur Leioan, eta ordubete inguruko iraupena izango du.

  5. Leioak efemeride hoti aprobetxatuko du udalerriko herritarrek gune berde, aisialdirako eremu, seguru eta atsegin eta oinezko gehiagoz gozatzeko egunero egiten duten apustua eta lana gogorarazteko. Banakako ekarpen gisa, Udalak garraio publikoa erabiltzera animatu gura ditu herritarrak eta, horretarako, Lejoan Busa hiri-zerbitzua doan erabiltzeko aukera eskaintzen ari da lanegunetan, urriaren 7ra arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun