Leioan, BI-711 errepideak dituen 800 metroko tartea oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilgune bilakatzeko lanak hasi ditutze, Bizkaiko Foru Aldundia bultzatzen ari den Getxo eta Bilbo arteko bulebarraren proiektuagaz aurrera eginez.
Era berean, Leioako udal-iturriek azpimarratu dutenez, bidegorri zati berri horrek nabarmen aberastuko du udalerriko bidegorri-sarea; izan ere, zehaztu dute Leioako metro-geltokiagaz lotu eta hortik norabide bitan banatuko dela: Lamiakoko metro geltokira edo Udondoko Bulebarrera, Sarrienaraino jarraituz. Metroaren bi geltokiak eta Leioako geltokia itsasadarragaz lotuko dituzten zatiak proiektu-fasean daude gaur egun, eta aurtengo azken hiruhilekoan lizitatuko dituztela iragarri dute.
Udal-iturriek azpimarratu dutenez, "Leioak urrats sendoa eman du iraunkortasunerantz, garraio iraunkorraren aldeko apusturantz, eta oinezkoentzako gune seguru eta atseginak sortzen jarraitzen du". Horregaz, itsasadarrera begira dagoen aisialdirako gune berri bat lortuko dela gaineratu dute, aire zabaleko jarduera osasungarriez gozatzeko aukera ematen duena, hala nola bizikleta, patinajea edo baita ibilaldi atseginak ere.