Elkarrizketak

Enara Garcia Elkoroaristizabal: "Zinea oso lan kolektiboa dela ikasteko aukera izan dugu lan honekin"

Iker Rincon Moreno 2022ko urr. 10a, 16:28

Film laburra Leioan grabatu dute, oso-osorik, apirilean.

Ainhoa Olaso durangarragaz batera, Hemen bizi da maitasuna izeneko film laburra sortu, produzitu eta zuzendu dute aurten. Emaitza paregabea izan da, Aukera programan parte hartu ondoren hainbat sari, beka eta aitortza jaso baitituzte. Bidea erraza izan ez den arren, emaitzagaz oso pozik dagoela dio leioaztarrak.

Hemen bizi da maitasuna film laburragaz Durango Sor(tzaileen)leku beka eta Zinebiko Aukera saria irabazi dituzu Ainhoa Olaso durangarragaz batera. Zer eskaini dizue horrek guztiak?

Bi aitortza horiek ekonomikoki lagundu digute, aurrekontuaren zati handi bat lortzea eskaini zigulako. Hala ere, gutxi da; ez da nahikoa izan gauzak behar bezala egiteko eta, ondorioz, fabore asko eskatu behar izan ditugu. Izan ere, jendeari soldatak ordaindu eta kontratuak egin nahi genizkion, minimoa bazen ere. Eta horretan diru asko inbertitu genuen. Baina jendeak asko lagundu gaitu, eta ingurukoen babesari esker, elkarlanean, proiektua aurrera ateratzea lortu dugu.

Aurten, gainera, Kimuak katalogoa osatuko duten lanetako bat da zuena. Zertan datza hori?

Etxepare Euskal Institutua, Euskadiko Filmategiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako katalogo bat da. Urtean, Euskal Herriko 75 aurkezten dira, eta horietatik zazpi aukeratu. Ez genuen espero bertan egotea, guretzat erreferente diren askorekin gaudelako katalogoan. Oso pozik gaude, horrek aukera ematen digulako gure lana are gehiago zabaltzeko. Izan ere, eurek egiten dute distribuzioa, eta zazpi hizkuntzatara itzuli digute lana.

Zelakoa izan da proiektu hori garatzeko prozesua?

Ainhoak idatzi zuen gidoia 2020ko konfinamenduan, eta nirekin jarri zen harremanetan proiektua garatzeko. Hala, txostena osatu eta Hemen elkarteak antolatutako emakume zinegile gazteentzako aholkularitza saioetan parte hartu genuen. Ondoren, Aukera programara aurkeztu eta gurea aukeratu zuten beste lau proiekturekin batera; horri esker are gehiago garatu genuen lana, gerora Zinebira aurkezteko. Bertan, Aukera Saria irabazi genuen, 3.000 eurokoa, eta, tartean, Durangoko beka jasotzeko ere aurkeztu ginen, 15.000 euroko laguntza eskuratzeko. 

Noiz eta non egin dituzue grabaketa-lanak?

Apirilean grabatu genuen, hiru egunetan. Den-dena Leioan bertan grabatu genuen, inguruko senide eta lagunei esker: Mendibilen, San Jose auzoan, Ondizen eta Lamiakon. 30 pertsonako lantalde polit bat izan gara.

Zer kontatzen duzue film labur horretan?

Bere amarekin bizi den Matixa gaztearen istorioa kontatzen du, emantzipatu nahi duena. Amarekin oso harreman gogorra bizi du, eta, halako batean, etxera heldu eta bere gela hankaz gora topatzen du. Egoerak leher egiten du, eta kontatzen duguna da etxetik independizatzeko bide horretan dagoena.

Non eta noiz ikusi ahalko dugu?

Zinemaldian proiekzio itxia izan da, eta gero, seguruenik, azarotik aurrera aurkeztuko dugu.

Lan-taldean

EHUn Ikus-entzunezkoak beragaz ikasi zuen Ainhoa Olaso durangarrak idatzi du gidoia. Halere, lana aurrera eramateko 30 pertsonako lan-taldea osatu behar izan dute. Filma hiru egunetan grabatu dute, Leioan, baina egun gehiago faltan bota ditu leioaztarrak; "filmatze-egunak murriztu behar izan ditugu, diru-faltagatik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun