Jardunaldi horretan, Udalak aurkeztuko du HAPOaren aldaketa sustatzen duten enpresek Lamiakoko dartsenarako eta haren ingururako planteatu duten proposamena. Horrek 17A eta 17B eremuei eragingo lieke, hau da Txoperako futbol-zelai zaharren lurrak, Lamiakoko metro-geltokitik hurbil dagoen egungo aparkalekua, MISA enpresa zaharraren ingurua eta Bizkaibuseko kotxetegiak biltzen dituena; 18 A eremua, Lamiakoko dartsenakoa; 18B eremua, AXA aseguru-enpresaren jabea zena, eta Dow zaharraren 19E1 eremua eta Gobela eta Udondo ibaien ibilguen eremua.
Udalak argitaratu duen informazioaren arabera, helburuen aurkezpenaren bidez, "Lamiakoren hirigintza- eta ingurumen-berroneratzea osatu gura dira, metroaren trenbidea Lamiako eta Leioako geltokien artean lurperatuta, 1.200 etxebizitza berri izango lituzkeen bizitegi-eremu zabal baten bidez". Udalak gaineratu duenez, "egitasmoak babestutako etxebizitzari bultzada garrantzitsua emango lioke udalerriari"
Horretaz gain, Lamiakoko hezegunea ere leheneratu gura duela azaldu du Udalak, Gobela ibaiaren trazadura berriagaz eta Nerbioi itsasadarrean itsasoratzeagaz, eta gozamenerako eta aisialdirako gune handi bat eraiki gura dute, betiere ingurune naturalagaz bat etorriz.
Leioako Hiri Antolamenduko Plan Nagusia lau arlo horietan aldatzeko proposamena aurtengo martxoan aurkeztu zuen Geslur XXI SLk, Tandem Arkitektura Hirigintza Bulegoak SLPk idatzitako aldaketa-proposamenaren laburpen exekutibo baten bidez. Halaber, aurtengo martxoan, Geslur XXI SLPk Hasierako Dokumentu Estrategikoa (Lamiako eremuko hirigintza-eraldaketarako prozesua osatzeko Hitzarmenaren eraginpeko eremuen Ohiko Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa) izenekoa aurkeztu zuen udalean. Hitzarmen hori 2020ko azaroaren 26ko Udalbatzak onartu zuen, Udalak eta enpresa sustatzaileek sinatuta.