Aurreko abenduaren 20an, Lamiako eta Txopoetako auzo-elkarteek Udalak Lamiakoko ibarreko zonalderako aurkeztutako hirigintza-proiektuaren nondik norakoak azaldu, iritziak batu eta zer egin erabakitzeko prozesua abiatu zuten. Horretarako, Lamiako eta Txopoeta Auzo Elkarteak eta Lamiakotarrak elkarteek hainbat bilera ireki egin dituzte; azkena, gaur, hilak 23, egingo dute Lamiakoko kultur gelan.
Aurreko astean egin zuten bilerara 100 pertsona baino gehiago hurbildu ziren, eta berretsi zutenez, bizilagunak Udalaren hirigintza-proiektuaren aurka daude, eta ez dute gura HAPOaren aldaketa horiekaz jarraitzea. Elkarteek auzokideen etxeetara bidali duten idatzi batean azpimarratu dutenez, aldaketa horiek "bizilagunen esku egon beharko litzateke, benetako parte-hartzea egin ondoren, eta ez hirigintza-megaeragiketa moduan, non helburu nagusia eraikuntza-enpresa batzuen errendimendu ekonomikoa izango den".
Hainbat argudio
Lehenik eta behin, egindako bileretan egon diren auzotarrek ondorioztatu dute HAPOan aldaketa puntualak egin beharrean, neurriak Lamiako bere osotasunean hartu beharko lukeela, "eta ez bakarrik eraikuntza-enpresei interesatzen zaien zatia". Horregaz batera, Udalak proposatzen duen metroa lurperatzeko egitasmoa nahikoa ez dela diote, "halako obra egitekotan Leioatik Areetarako tarte osoa lurperatzea litzatekeelako herriaren beharrei erantzun egokiena".
Horregaz batera, 1.200 etxebizitza hartuko lituzketen 17 eta 20 solairu bitarteko dorreak "erabat onartezinak" direla ezarri dute, eta Lamiako eta Txopoeta auzoetako biztanleek zerbitzu gehiago behar dituztela aldarrikatu dute, "ez etxebizitza gehiago". Besteak beste, arrazoitu dute proiektuak ibilgailuen kopurua eta aparkalekuen eskaria asko handituko lukeela zonalde horretan, "horren ondorioz lekuaren erabilera, ingurumenaren kutsadura eta kutsadura akustikoak baldintzatuta geratuko dira, eta hori ez dator bat ingurumenaren birsortzearekin".
Halaber, ibarra deritzon berdegune osoa leheneratu beharko litzatekeela nabarmendu dute, "Nerbioi-Ibaizabaleko itsasadarraren padura-eremu berreskuragarri bakarra da eta bere horretan baloratu behar dela uste dugu".
Helburuak
Euren berehalako helburuak bi direla zehaztu dute: alde batetik, hirigintza-proiektuaren alde dauden teknikariak, alderdi politikoak eta erredakzio-taldea Lamiakora eta Txopetara joatera gonbidatzea, "horrela bertatik bertara azaldu ahal izango dituzte proposamenak eta suertatzen diren zalantzei zuzeneko erantzuna eman ahalko diete", eta, bestetik, auzo-elkarte gisa, Udalbatza batera joan gura dute, alderdi politikoakaz gai horri buruz hitz egitera.
Horrez gain, egitasmoa geldiarazteko lanean jarraitzeko asmo irmoa azaldu dute, eta, horretarako, lan-taldeak ari dira sortzen etorkizunean egingo dituzten urratsak zehazteko, hala nola mobilizazioak, auzoko bizilagunak informatzeko kanpainak, bilera gehiago eta ez dute baztertu epaitegietara ere joatea.