Zer dela eta erabaki zenuen Hego Afrikara joatea?
Bidaiatzea beti gustatu izan zait eta beste hemisferiora lan egitera joateko aukera nuela ikusi nuenean ez nuen ezta pentsatu ere egin. Han, Biodiversity & Development Institute izeneko erakundearen proiektuetan egon naiz lanean biologo bezala. Ez nintzen bertara doan lehen ikaslea, zazpi urte daramatzatelako Global Training hitzarmenari esker ikasle euskaldunak jasotzen. Niretzako aukera ona izan da ikasten eta formakuntzan jarraitzeko.
Hegoafrikara naturagaz eta biodibertsitateagaz lotutako lan bat egitera joatea izugarrizkoa izango zen, ez?
Bai, hala fa. Gainera Hego Afrikak bere bioma berezia daukanez bertako biodibertsitatea izugarri aberatsa da. Denetarik ikusten da han: Afrikan normalean aurkitu ditzakezun animaliak, baina Lurmutur Hiriaren inguruan bakarrik dauden espezieak ere.
Batez ere, hegaztien inguruan lanean aritu zara, ez?
Bai, institutu horretan garatzen dituzten proiektu gehienak hegaztien ikerketen ingurukoak dira, nahiz eta ugaztunekin eta intsektuekin ere egiten dituzte proiektuak. Hala ere, ingelesen eraginez edo, oso txorizaleak dira, beraz, horiei buruzko ikerketa nahiko egiten dituzte. Pentsa, Hego Afrikan bakarrik ia 800 hegazti espezie inguru aurkitu daitezke, beraz, batez ere horretan aritu gara lanean.
Great time yesterday helping the DFFE with the survey of African Penguins and seabirds on Dyer Island!#Natura #Biologia #SA #DyerIsland #Environmentza #Wader #Seabirds pic.twitter.com/OXDlKRmnrX
— Josu Мelart (@MelendezJosu) July 6, 2022
Eta zertan datza egin duzun lana?
Proiektu ezberdinetan parte hartu dut BDI-ren barruan. Azken urteotan, hainbat ikerketa-proiektu garatzen ari dira Karoo izeneko eremuan, Kalahari basamortuaren hegoaldean, eta ni bertan egon naiz bi proiekturekin lanean. Batetik, hegazti urtarren jarraipena egin genuen, han dagoen urmael batean. Hain zonalde lehorra izanik, hezegunea hegaztientzako santutegia baten moduko zen, eta guk urtaroen arabera aldatzen doazen espezien komunitatea aztertu dugu. Bestetik, toki horretako ugaztun gautarren jarraipena ere egiten aritu gara. Horretarako, safarietan erabiltzen dituzten kamioneta moduko bat genuen eta ia gauero ateratzen ginen hango zelaietatik ugaztun gautarren jarraipena egiteko; batzuetan turistak ere eramaten genituen gure ateraldietan.
Orduan, safari batean lanean egotea bezalako izan da?
Bai, hori da. Gida bat ere geneukan gure ateraldietan, eta gutxika animalien jarrerak eta ohiturak ikasten joan ginen, eta, azkenean, gu ere gidak bilakatu ginen. Oso ondo zegoen hango biztanleentzako ere gida bezala egitea polita delako, ezagutzen ez dutenei euren ingurumena erakusteko aukera ematen baitizu. Lau hilabetez egon nintzen toki horretan, eta egonaldiaren azken bi hilabeteetan Lurmutur Hirian egon nintzen beste proiektu batean, seguruenik BDI-k duen ekimen garrantzitsuenean: Robben Islan izeneko uhartean bakarrik existitzen den itsas miken espezie baten estaltze-garaiaren jarraipena egitera joan nintzen. Irla horretan bizi da espezie horretako koloniarik handiena, eta 2000 urtetik daramatzate bertako hegaztien populazioa monitorizatzen.
PAPER OUT!!📢 My 1st ever publication is out at @AvianAce . Thanks to my supervisors @SeabirdMortenF & T. Bregnballe we identified the important role of mink farms and urban areas in the population development of Herring Gulls in Denmark. Check it outhttps://t.co/auXvkeQB9L pic.twitter.com/fI2D8YlJmA
— Josu Мelart (@MelendezJosu) August 19, 2022
Horregaz lotuta ere dago kaioen inguruan Avian Conservation and Ecology aldizkarian argitaratu zenuen argitalpena?
Ez, argitalpen hori Danimarkan egon nintzenean egin nuen, Masterreko Amaierako Lana egiteko Danimarkara joan nintzelako eta kaioen ikerketa bat egin nuen bertan.
Nolako iruditu zitzaizun Hego Afrikako gizartea?
Oso gizarte ezberdina da. Hasteko, ezberdintasun handia dago Lurmutur Hirian bizitzea edo barnealdeko inguru bateko izatea. Lurmuturreko Hiria oso ondo zainduta daukate, turistikoki garrantzi handia daukalako, beraz, bisitari asko ikusten dira bertan. Gainera, hiri oso koloniala denez, eraikinen arkitektura ere Europakoaren antz handia dauka, gure inguruko edozein hiri bezala. Baina gero barnealdean gizartea oso ezberdina da eta bizimodu bien arteko distantzia oso nabaria da, eta apartheid ez dago guztiz deseginda eta oraindik nabaritzen da. Deigarria egin zitzaidan Lurmutur Hirian jendea oso nahastuta ikusten duzula, baina barnealdean arrazaren arabera gizarte ezberdinetan bizi dira; esan daiteke bi gizarte paralelo daudela: alde batetik, afrikaans jatorria dutenak daude, eta, bestetik, bertako etnietako biztanleak. Gu hor tartean geunden, bertako lurren jabeak afrikaans jatorrikoak direlako, baina horientzako lan egiten dutenak bertako san edo boskimanoak dira. Gu bertakoak ez ginenez harreman ona geneukan bai batzuekin zein besteekin ere, euren artean badagoelako horrelako barrera bat, baina gurekin ez zen hori gertatzen, eta jendeak berehala hartzen zuen konfiantza gurekin.
Orain Leioara bueltatu zara, baduzu bestelako egitasmorik martxan?
Bueltatu naizenetik doktoretza egiteko lanean hasi naiz eta horretarako deialdian nabil sartuta. Oraindik ez dira emaitzak atera, baina gustatuko litzaidake hemen edo Danimarkan egin ahal izatea, masterra han egin nuenez bertara bueltatzeko aukera dudalako. Batez ere, itsas ingurumenaren inguruko lanketa egin nahiko nuke, aldaketa klimatikoak eta gizakiaren eraginak zer nolako inpaktua daukaten itsasoko organismoetan. Azkenaldian, Master Amaierako Lana eta Global Training bekari esker hegaztien inguruan aritu naiz lanean, baina itsas-animalia guztiekin ondo moldatzen naiz.
Zu Leioako izanda, Lamiakoko hezegunearen egoera nola ikusten duzu?
Nire ustez oso leku interesgarria da, Ibaizabal itsasadarrean berreskuratu daitekeen gune natural bakarra delako. Azkenean, marearteko inguru horrek garrantzi handia dauka hegazti limikoloentzat. Beraz, aukera oso polita egon daiteke hezegunea berreskuratzeko. Hala ere, proiektu asko daude hor zer egin erabakitzeko, beraz ikusiko da azkenean zer egingo duten.