Nolakoa da zure egunerokotasuna garun-paralisiagaz?
Nik ez dakit zer den garun-paralisirik gabe bizitzea, beraz, niretzako, nire bizitza normala da. Egia da bizitzako egoera batzuetan beste pertsona batzuk baino gehiago ahalegindu behar naizela gainontzekoei erakusteko nire kabuz gauzak egiteko gai naizela. Baina, orokorrean, nire bizitza aski arrunta dela esango nuke.
Bestalde, kasu bakoitza mundu bat da. Txikia nintzenean medikuek ez zekiten ea hitz egiteko edo ibiltzeko gai izango nintzen, garun-paralisi kasu bakoitza oso ezberdina delako. Nik lan egin dezaket, kirola egiten dut eta autoeskolan izena-emanda daukat. Baina, badaude beste pertsona asko garun- paralisiaren % 60a dutenak, eta ezin dituztenak eguneroko ekintza asko egin. Nire aniztasun funtzional berbera duten pertsona horiekin alderatuta, nire errealitatea oso ezberdina da.
Zer zailtasuni egiten diozu aurre?
Niretzako zailtasunik handiena da aurre egitea jendeak garun-paralisia duten pertsonen inguruan dituen mitoei. Adibidez, kaletik bakarrik noanean, oraindino ere, etorkortasunagaz tratatzen naute. Beste mito bat bada pentsatzea aniztasun funtzionala duten pertsonek ezin dutela lan ez-konbentzional bat izan. Jendeak aurreiritzien bidez beste pertsonen alegiazko bizitzak eraikitzen dituzte.
Uste duzu gizarte inklusibo batean bizi garela?
Uste dut gizarte inklusibo bat saltzen digutela, baina oraindino ez garela horretara heldu. Adibidez, 2020an, Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, dibertsitate funtzionala duten pertsonen aurkako gorroto-delituagatiko salaketak % 70 hazi ziren aurreko urteagaz alderatuta. Hala ere, egia da, pauso txikiak ematen ari garela. Adibidez, ni udaletxetara joan naiz hitzaldiak ematera, eta ikustea pertsona horiek zure ahotsa entzuteko prest daudela bada aurrerapauso bat. Gizartea aldatzen ari da, astiro bada ere.
Zer aldatu behar da gizarte inklusiboago bat eraikitzeko?
Hezkuntza arloan, adibidez, gauza asko daude aldatzeko. Klaseko ratioak murriztu behar dira arreta pertsonalizatuago bat emateko, eta ezinbestekoa da irakasleak umeen beharretara egokitzea. Haur batek ez du zertan aniztasun funtzional bat eduki behar bere eskola-bizitzak beragan egundoko ondoeza sorrarazteko. Umeei tresnak eta akonpainamendua eman behar zaizkie eskola-bizitzako frustrazioan erori ez daitezen.
Noizbait jaso duzu erasorik garun-paralisia edukitzeagatik?
Duela urte batzuk, nire orduko bikotekidearekin Bilboko diskoteka batetik ateratzen nengoenean, talde bat berari iseka egiten hasi zen. Ni erdian sartu nintzen, bera defenditzeko, eta azkenean, pertsona batzuen artean jo ninduten. Horrelako momentuetan ikusten dut gizarte hau ez dela oraindino inklusiboa.
Zure istorioa partekatzen hasi zinenetik orain arte, nola aldatu da zure bizitza?
Nire bizitza onera aldatu da. Jakitea egunero zure errealitatea gertu duten pertsona askok idazten dizutela, ez dauka preziorik. Jendeak asko eskertzen du ni bezalako norbait egotea aniztasun funtzionalari ikusgarritasuna emateko. Pertsona batzuek oso esperientzia intimo eta gogorrak partekatu dituzte nirekin, eta ni oso eskertuta sentitzen naiz horrek nigan fidatzen direnaren seinale delako. Orain sentitzen dut nire errealitate berdina bizi duten pertsona asko daudela.
Zer uste duzu dela garrantzitsuena aniztasun funtzionala duen pertsona bat laguntzeko momentuan?
Garrantzitsuena da arreta eta behar dituen laguntzak ematea. Ez behar dituztenak baino gutxiago, baina gehiago ere ez. Adibidez, aniztasun funtzionala duen pertsona bati lokarriak lotzen irakasten badiot, agian lehenengoan ez du lortuko, baina, beharbada, hirugarren edo laugarren saiakeran, bai. Beti nik egiten badiot, ez dut bere autonomia pertsonala sustatuko.
View this post on Instagram