Bizkaiko Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek greba-eguna izan dute gaur, eta, sindikatuek deituta, sektoreko 1.200 profesional baino gehiagok manifestazioa burutu dute Bilboko kaleetan, besteak beste, duela bederatzi urtetik hitzarmen kolektiborik gabe daudela salatzeko. Aurretik, Leioan zerbitzua ematen duten beharginek zapatuan ere elkarretaratzea egin zuten euren aldarrikapenak herrian ozen entzun zitezen.
Besteak beste, azaldu zuten daborduko zazpi urte daramatzatela Leioako hitzarmena berritu barik. Halaber, deitoratu zuten eguneratu gabe dutela baita zerbitzua emateko desplazamenduetarako ematen dieten dirua, 2012tik 0,28 euro kilometroko jararitzen jarraitzen baitute, euren ibilgailu propioa erabili behar dutela eta azken urteotan erregaiek izan duten gorakada kontutan hartu gabe.
Horrez gain, euren lan-baldintzak hobetzeko ere exijitu zuten, hala nola ordutegi-prestasuna mugatzea, gaur egun, 06:00etatik 22:00etara egon behar baitira lanerako prest; horretarako, kontziliazio familiarra erraztuko liekeen ordutegi jarraitua eskatu dute. Euren lanaren ondorioz egin behar dituzten esfortzu fisikoak ere lan-arrisku bezala berrikusteko eskatu zuten, beste aldarrikapen batzuen artean.