Leioako TAO berrirako egoiliar-txartelak astelehenetik aurrera eskatu ahal izango dira

Erredakzioa 2023ko ots. 17a, 17:33

Zerbitzua udaberrian abiatzea aurreikusi du Udalak.

Pinueta, Lamiako eta Ibaiondo auzo leioaztarretan araututako aparkaleku-zerbitzua heltzear dagoela iragarri du Udalak. Bitartean, astelehenean, hilaren 20an, irekiko dute TAO gune horietarako egoiliar-txartela eskatzeko epea.  

Udaberrira bitartean Leioako hogei bat kaletan banatutako 1.450 aparkaleku inguru araututa egotera igaroko dira, inguruko bizilagunek alboko udalerrian sistema hori ezarri ondoren jasaten zuten aparkaleku falta arintzeko helburuagaz. 

“TAO laster iritsiko da Pinueta, Lamiako eta Ibaiondora. Jarduketa honen bidez, eremu horietan bizi diren pertsonentzako aparkalekua bermatu nahi dugu. Hori izan da gure lehentasuna azken hilabeteetan. Oso gutxi falta da neurria ezarri eta auzo hauetako herritarrak onuradun izateko. Datozen egunetan TAO guneak azpiegitura ezartzeko lanak hasiko ditugu”, adierazi du Iban Rodríguez Leioako alkateak.

Halaber, alkateak azpimarratu du Udalak triptiko banatuko duela auzo horietako etxeetako postontzietan, dagokion txartelaren eskaera izapidetzeko behar den informazio guztiagaz.

Aurreikuspenen arabera, udaberrian jarriko dute martxan TAO sistema. Ordutegia astelehenetik barikua izango da, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 21:00etara. Zapatuetan 09:00etatik 13:30era izango da.

Hiru txartel

Guztira Udalak egoiliarrentzako hiru txartel mota eskainiko ditu: inguruan bizi direnentzako, inguruko merkatarientzako eta auzokoak ez diren leioaztarrentzako eta leioaztarrak ez direnentzako. A motatako txartelak egoiliarrentzako txartelak erroldatze-eremuaren arabera bereiziko dituzte, Pinueta, Lamiako eta Ibaiondo auzoetan erroldatutako pertsona zein autoentzat. Kasu horretan, gehienez hiru txartel eska daitezke, eta hiru txartel dituen etxe batek 75 euro ordainduko lituzke urtean. 

B motatako txartelei dagokienez, Leioako beste edozein auzotan erroldatutako pertsona zein autoentzat izan daitezke. Kasu horretan, urtean 60 euroko prezioa izango lukeen txartel bakarra eska daiteke.

Halaber, saltokiek TAO txartelak eskuratu ditzakete Pinuetan, Lamiakon eta Ibaiondon kokatutako saltokietako ibilgailuentzat, baldin eta Leioako eremu horretan bertan erroldatuta badaude. Gehienez bi txartel eskatu ahal izango dira IFZ bakoitzeko. Bi txartel dituen establezimendu batek 120 euro ordainduko lituzke urtean.

Eremu horretan aparkatu gura duten eta zerbitzuan alta emanda ez dauden gainerako ibilgailuek dagokion TAO tiketa ordaindu beharko dute. Lehenengo 30 minutuek ez dute kosturik izango, hortik aurrera 1,20 euro ordaindu beharko da ibilgailua ordubete aparkatzeagatik. 90. minututik aurrera, zenbatekoa handituz joango da, gehienez lau orduetara iritsi arte (6,30 euro).

Egoiliar-txartela eskatzeko eskabideak astelehenetik aurrera egin ahal izango dira; aurrez aurre udaletxean (Elexalde, 1) eta Gaztelubiden (Langileria, 20), eta telematikoki Leioako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez www.udaletxean.leioa.eus.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun