Neurriak auzo horietako aparkaleku-arazoak arintzeko helburua dauka, aldameneko Itzulbatzeta/Romo auzo getxoztarrean TAO ezartzeak gehiegizko presioa eragin baitzuen Leioako inguru horretan, eta bizilagunen kexuak etengabeak izan dira ordutik. Proposamenak EAJ, PSE-EE eta PP alderdien aldeko botoa izan zuen eta EH Bildu eta Elkarrekin Leioa abstenitu egin ziren.
Iban Rodriguez alkateak adierazi duenez, gaur egun auzo horietako bizilagunek bizi duten egoerari konponbide bat bilatzeko modurik “berehalakoena eta praktikoena” da.
Udal-iturriek zehaztu dutenez, neurriak eragina izango duen kaleetan bizi direnek urtean 20, 25 edo 40 euroko tasak ordaindu beharko dituzte, hartutako txartelaren arabera. Gune urdinean aparkatu ahalko duten merkatariek 40 eta 80 euro ordaindu beharko dituzte urtean, txartel-kopuruaren arabera. Hirugarren txartela, urtean 60 eurogatik eskuratu ahalko dute Leioan erroldatutakoek.
TAO zerbitzuak astelehenetik barikura honako ordutegi hau izango du: 09:30-13:30 eta 16:00-21:00; aldiz, zapatuetako ordutegia goizez izango da, 09:00etatik 13:30era. Aparkatzeko gehienezko denbora lau ordukoa izango da kasu guztietan.